Eguraldi ona?

Eguraldiari gehiegi erreparatzen dion herria garela dio Andaluziako adiskide batek. Urteak daramatza hemen bizitzen eta apurka-apurka ohituz joan da hurrengo eguneko eguraldi-iragarpenari begiratzera edo albistegietako azken minutuetako berria iritsi arte kateaz ez aldatzera. Guretzat ohikoa da, barru-barruan iltzatuta daramagun zerbait, berak eguraldi-trauma izendatu duena, baina hori ere laster aldatzen hasiko da. Gurean aldatzen hasi da jadanik.

Negu berantiarrean buru-belarri sartzekotan gaude eta iragarpenak betetzen badira behintzat, urteroko erromesaldia hasiko da goi-mendietako eski-estazioetarantz. Gurean nagusiki autoz mugituko dira zaleak, ostatua hartuko dute gainezka egingo duten herrixketan eskaintzen diren askotariko hotel, apartamentu edo antzekotan, elektrizitatea erruz erabiltzen duten teleulkietan gora egingo dute goizean eta arratsalde erdian edo, atzera buelta, estazioetatik gertu dauden hamaika taberna eta jatetxeetan nekea arintzeko. Alde handia egon daiteke batetik bestera, baina batez bestekorik sinpleenak ere argi uzten du neguko aisialdiaren inpaktu ekonomikoa.

Zaletasuna gora-behera, eguraldiaren menpekoak diren jarduerak eta negozioak kinka larrian daude, kezkatik kalapitara joatea denbora-kontua izan daiteke eta.

2022 International Report on Snow & Mountain Tourism izeneko ikerketan sartu naiz zertaz ari garen ulertzen saiatzeko. Munduko eski-estazioen datuak aztertzen dira bertan, negozio horren garapena ulertzeko. 2000. urteaz geroztik egin da ikerketa hori, eta nabarmena da aisialdiko neguko negozioek azken hamarkada hauetan izan duten gorakada. Azken txostenak pandemiaren eragina nabarmen islatzen du, besteak beste, haren ondorioz mundu osoan ezarri ziren mugitzeko trabek barne-merkatuak hauspotu zituztelako. Munduan 350 milioi eskiatzaile inguru daude, tipologia desberdinetako espezialitateak kontuan hartuta. Txinak hor ere goia jo zuen joan den neguan, eskiatutako egunen rankinean lehen aldiz bigarren kokatu zelarik. Ameriketako Estatu Batuetan aire zabaleko jolas-jarduerek errekorra lortu zuten 2021ean, 164 milioi parte-hartzailerekin, AEBetako biztanleriaren % 54 gutxi gorabehera.

Inoizko urte-amaierarik beroena eta gero zer datorren aurreikustea ez da erraza, baina aurtengo neguko turismoaren datuak txarrak izango direla iragarri dute jadanik eskiaren negozioan dihardutenek. Elurtea iragarri dute hurrengo asteetarako, baina horrek nekez estali ahal izango du eski-denboraldiak izan duen hasiera eskasa. Jakingo duzu honen berri, irakurle, eski-zalea bazara —eta ez bazara ere—, egunkari, irrati eta telebista guztietan esan digute eta. Bitxia da, gero, nola neguan elurra ez egitea albiste txarra dela argi ikusten dugun eta, aldiz, Urte Zahar gauean mauka laburrean ateratzeari “eguraldi ona” esaten diogun, bata zein bestea kalifikatzeak atzean zer duen kontuan hartu gabe. Zerikusia izango du eguraldiari jartzen diogun izenlagunak molde bateko edo besteko giroak duen inpaktu ekonomikoarekin?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK