• IRITZIA
  • Ekaineko esprinta eta formakuntzaren birplanteamendua
Sormen eta berrikuntza aholkularia

Ekaineko esprinta eta formakuntzaren birplanteamendua

2026ko ekainaren 10a - 05:30
Miren Laurizika   Silvia Oselka Fotografia  2 15

Ekaina garai berezia da enpresetan eta erakundeetan. Eguzki gehiago dugu, egunak luzeagoak dira, baina urtea orain bukatuko balitz bezalako presioa sumatzen da. Ez al da ekaina den-dena ixteko hilabete moduko bat bihurtzen ari?

 

Enpresetan eta instituzioetan orain hainbat eta hainbat ekimenen prestaketak daude esku artean, 2026ko azkeneko hiruhilekoan martxan jartzeko. Hau da, udazkenean. Beraz, orain aurrekontuak, kronogramak, aliantzak, aurkezpenak eta bilerak daude.

Sarritan, dena presazko bihurtzen da oporren aurreko asteetan. Mundua orain bukatuko dela ematen du.

 

Eta, bitartean, bizitza ere hor dago.

Haurrak izatekotan, adibidez, hor daude umeen ikasturte bukaerako jaiak, alaba nagusiaren zirko erakustaldia, irakasleriarekin bilerak, eta baita Saloura oporrak berak antolatu beharra ere. Zeresanik ez, udan zehar egin behar diren udalekuek edo ekimenek izen emate epea dutela, eta garaiz egin behar dira. Umeen oporrak eta gureak ez baitira iraupen berdinekoak.

Hori guztia kontuan hartuta, momentu honetan Gabonen antzeko estresa sumatzen duzu. Soilik eguzki pixka bat gehiagorekin.

Formakuntza eskaintzen duen enpresa bateko kide batek zera esan zidan: “Ekainean formakuntzen izen ematea asko jaitsi da, eta ikastaro batzuk bertan behera geratu dira”

Ematen du ekainean ez gaudela ikasteko, horretarako hobe direla negu eta udazkeneko datak. Ez dakit non dugun burua baina horretan ez.

Hala ere, nire ustez, hori ez da formakuntzetan izen-emate gutxi egotearen arrazoi bakarra. Badago beste zerbait ere. Nik uste dut, alde batetik, adimen artifizialak omnipotentzia sentsazio bat eman dezakeela: ematen du dena hor dagoela eta dena jakingo dugula. Bestetik, formakuntzak berak erakargarriak izan behar direla, inori ez zaiolako gustatzen jada "txapa" bat jasotzea. Dinamikak, esperientzian oinarritutakoak, kasu praktikoak dituenak, horrelakoak behar dira merezi izateko.

Formakuntza batek ezagutza informazio hutsa baino gehiago izan behar du.

Eraldatzailea izan behar da. Ikuspegiak aldatzeko espazioa izan behar du. Eta, noski, kontaktuak egiteko.

Ikasteak beste zerbait ematen dizu: jakin-mina piztea, haztea, errutinatik ateratzea, beste pertsona batzuekin egotea, galderak entzutea, zalantzak partekatzea, norberaren egiteko modua beste begirada baten aurrean jartzea.

Beharbada, ekaineko esprint horretan ikasteak beste funtzio bat izan dezake: ez gehiago korri egiteko, baizik eta hobeto begiratzeko. Zer egiten ari garen, nola egiten ari garen eta zertarako egiten ari garen galdetzeko. Formakuntza on batek horixe eskaintzen du: ez erantzun guztiak, baizik eta galdera hobeak.

Animo esprint horrekin! Dena den, gogoratu ezazu mundua ez dela ekainean bukatzen. Spoiler: uztailean amaitzen da.