Ikasle talde baten ekintzailetza programa bateko azken aurkezpena entzun nuen berriki. Ideia onak ziren, baina garatu gabeak. Galdetuta, proiektua aurrera eraman nahi zutela baieztatu zidaten, baina “beste ate batzuk zituztela” eta denbora gehiago eskaintzeko aukerarik ez zutela aitortu zuten berehala. Batek masterra zuen hastear, besteak lana topatu omen zuen industriako enpresa egituratu batean, eta hirugarrenak lan kontratu finko bat lortu zuen bere herriko enpresa batean. Erabaki arrazionalak denak, gehiengoek hartzen dituzten erabakiak eta bizi-aukera onak. Baina onak diruditen aukera horiek epe luzera kaltegarriak izan daitezke gure ehun ekonomikoaren osasunerako.
Euskal Herrian ez dago ekintzailetza sustatzeko beharrik, ez behintzat benetako premiarik ez badugu. Ondo bizi gara, lana dago, eta norberaren segurtasunaren aldeko bide errazagoak badaude: oposaketa bat, hizkuntza titulu bat irakasle izateko, kontratu finko bat... Ez dut ezer horren kontra. Zerbitzu publikoak sendo eta ondo hornituak izatea ezinbestekoa da, baina arazo bat sortzen ari gara: ekintzaile potentziala eta hain entzuna den “talentua” xurgatzen eta xukatzen ari gara, berrikuntza hiltzen.
Ekintzaitzetza bere horretan ez da aukera bat, edo gehienez, lau edo bosgarren aukera izan daiteke jende askoren buruetan. Arazoa da beste aukerak seguruagoak, azkarragoak, sozialki onartuagoak direla… eta ia inork inoiz ez gaituela bultzatuko ekintzaile izatera. Ekintzaile izatearena kostu handiko hautabidea da, dena utzi eta ekintzaile izateko alde batera uztea erabakitzen dugun hori da oztopoa. Eta Euskal Herrian bereziki, kostu hori handia da. Zein da ondorioa? Ekintzaile izatea ez da alternatiba gaur egun, beharrik ezak, kultura faltak eta neurri batean sistema berak bultzatzen duen kondizio bat.
Baina zer egin daiteke? Hiru lan-lerro bereiziko nituzke:
Lehenengoa, hezkuntza. Unibertsitate eta lanbide heziketako ikasketetan ekintzailetza ikasgai isolatu bezala planteatzen da oraindik. Ekintzailetzaren esperientzia erreala planteatuko duen formakuntza behar dugu: arrisku errealak hartzen diren proiektuak garatzeko espazioa, porrotarekiko tolerantzia aktiboki irakasten duena, eta enpresak sortzera bultzatuko dituzten adituak ikasgelan. Eredu hori hedatu beharrean gara, unibertsitate publikotik hasi eta Lanbide Heziketako ikastetxeetara.
Bigarrena, porrota despenalizatu. Kulturalki oraindik porrot egitea lotsagarria da hemen. Kreditu historikoa kaltetzen du, familia aurrean azalpenak eman behar eta lagun artean isiltzen dugun alderdia da porrota. Zoritxarrez, ekintzailetzan asko ematen dena. Aldaketa bat behar dugu, narratiba aldaketa bat. Komunikabideek, erakundeek eta gizarteak porrot egiten duten ekintzaileak nola tratatzen ditugun begiratu, eta haien irudia aldatu behar dugu.
Hirugarrena, trantsizio ekonomikoa erraztu. Gaur egun ekintzaile edo enplegatu izatearen artean aukeratu behar da, eta hori kostu handia da. Baina bien arteko tartean lan egin dezaketen formula gehiago behar ditugu: unibertsitate eta enpresaren arteko pasabideak, egun-erdiko ekintzailetza lanarekin bateragarria egiten duten aukerak, edo funtzionario batek bere lanpostua arriskuan jarri gabe proiektu bat probatzeko aukera eskain dezakeen mekanismoak. Dagoeneko badaude hurbileko ereduak Finlandian eta Herbehereetan.
Herri batek bere osasun ekonomikoa ez du soilik dauden enpresak mantenduz bermatzen, berriak sortuz bermatuko du epe luzera, eta hori ekintzailetzari esker izango da, edo ez da izango. Arriskua hartzeko prest daudenak, arazo bat ikusi eta konponbidea bilatzeko gogoz daudenak, horiek ekintzaile izatera bultzatu behar ditugu eta horretarako azpiegitura eta erraztasunak eman. Baldintza egokiak sortzen ez baditugu, inertzia berean arituko gara aurrerantzean. Krisian dago ekintzailetza Euskal Herrian eta norabide aldaketa bat behar dugu.