• IRITZIA
  • Ekiola: energia kooperatiboa
Ekonomialaria, Laboral Kutxako Jasangarritasun zuzendaria eta Leintz Bailarako Ekiolako kontseilu errektoreko kidea. Ekonomistak-eko Euskara Komunitateko kidea

Ekiola: energia kooperatiboa

2025eko maiatzaren 8a
joseba barandiaran

Ezaguna da euskal lurralde batzuetan kooperatibismoak duen indarra; Debagoiena erreferentea da horretan. Harridura gehiago sortzen du, ordea, Bizkaiko enplegatzaile pribatu handiena Mondragon dela entzuteak (tartean dira Eroski, Orbea, Maier, Batz…) edo energia alorrean ere pauso kooperatiboak eman daitezkeela jakiteak.

 

Energiaren alorrean Bilbon itzal handiko dorreak badira. Baina eskala txikiko energia kooperatiben kasuak ere ugaltzen doaz gure bazterretan. Trantsizio energetikorako lagungarri izan litezken eguzki energia ekoizleak; merkatu prezio gorabeheratsuak bazter utziz, panel jasangarri eta kooperatiboak martxan jartzeko aukera ematen dute, 0 kilometroko energia, espekulazioa bazter utziz jende arrunta ekoizpenaren jabe (eta ez maizter) bihurtzen duena.

XIX. mendean abiatutako Oñatiko Ur Jauziak-en moduko esperientziek, Oñatiko etxeen kontsumoa beste ekoitzi dezakeena, egungo Ekiola.eus-etan dute segida. Ehundaka familia elkartu, norbere herrian (edo albokoan!) ekoizpen gune bat finkatuz, petrolio eta muga zerga guztien gainetik eta eguzki epelaren azpitik, kilowatt batzuk ekoitzi. PFEZan dituen kenkariak, dirulaguntza publikoak eta abar medio, inbertsio txiki bat eginez nolabaiteko burujabetza energetikora hurbil ditzake familiak edota dendariak.

 

EAEko hiru herrialdeetan daude martxan Ekiola ekimenak, garapen maila ezberdinean. Leintz-Bailarakotik gertu nabil ni eta ehundaka familiak egin dute bat bertan. Baina badira Azpeitian, Lea-Artibain zein Lautadan ere. Ukrainako gerrak eragindako garestitzea gaindituta, energia kostuen gaineko kezka atzenduta egon arren, sekula ez da berandu kontsumo hurbilera jotzeko. Espainiak jauzi handia egin du azken urteetan ezarritako potentzia handitzen; eguzki energia berriztagarriaren potentzia erdia da jada, eolikoaren pare.

Argindarra gure energia kontsumoaren zati bat bakarrik izanik ere, energia kontsumo osoa doitzeko bidean, posible da norbere argindar fakturan, norbere energiaren isla izatea. Prezio finkoan eta bizilagunekin kooperatuz. Bide argia, argibide bila dabilenarentzat.