Ekiteko prest al gaude?

Ez da beharrezkoa enpresa bat sortzea gauza harrigarriak eraikitzeko, ez horixe. Lan esanguratsu eta eraldatzaile bat egiteko beharrezkoa den bakarra biziraule jarrera izatea, eta estatistikak aurka izanda ere, zure helburuak lortzeko behar den izaerarekin lan egitea. Baina zein ezaugarri edo trebetasun behar da fundatzaile edo ekintzaile bat izateko?

Galdera hori egin dit orain gutxi lagun batek. Orain egun batzuk berak lan egiten zuen enpresako ugazabak bazkide egiteko proposamena egin eta ez zekiela nondik jo aitortu zidan. Zein zen langile edo bazkide izatearen arteko aldeak? “Zerbait aldatuko al da nire bizitzan?” Eta zer gertatzen da enpresa ondo ez badoa? Erantzukizunik al dut? “Xabi, nik balio al dut honetarako?” Lagunari erantzuteko bi bider pentsatu behar izan nuen, eta pausa eginda ere, ez nuen argi esaten asmatu. Erantzunarekin gustura ez eta zutabe hau eskaini diot galderari.

Aspaldian inguruan izan dudan ekiteko gose handiena nabaritu dut azkenaldian. Familian, lagunartean, ezagunen artean… inoiz baino ezagun gehiago ari da ekitera animatzen edo asmoa sozializatzen, bederen. Gehiengoak ez du enpresagintza ikasi, ezta ekonomia ere. Komunikazioa, arte ederrak, interiorismoa… eta bestelako ikasketak izan baina enpresaren munduaz ez dakien nor edo nor enpresa bat ekiteko prestatua al dago? Azken urteotan ikusiak ikusita, ezagutza baino jarrera hamar bider garrantzitsuagoa dela berretsiko nuke.

Zer behar da orduan ekintzaile izateko? Ekintzaile izatea behin eta berriz ezetza entzun eta temati saiakeran jarraitzea da, erresiliente izatea. Egoera zail eta estresagarrien aurrean azkar egokitu eta berreskuratzeko gaitasuna duen oro izan daiteke ekintzaile. Egoera zail bat suertatzen denean, desegin eta egoera berriak berregiten dituena, egokitu eta aurrera egiteko gaitasuna duena.

Ekintzaile izatea ere determinazioz jokatzea da, erronkei aurre egiteko borondate eta ausardia handia behar da, eta horrek lagundu egiten die helburuak lortzen eta etengabe emaitzak borrokatzen. Determinazioa bai, baina sormena eta moldagarritasuna ere bai: biziraule bat gai baita modu sortzailean pentsatzeko, eta aurre egiten dien erronkei ideia freskoz irtenbideak aurkitzeko.

Behar bat topatu, soluzio bat bururatu, soluzio hori produktu edo zerbitzu egin eta berau merkaturatzen lortu baduzu, bejondeizula. Gehiengoa egin duzu. Hemendik aurrera esperientziatik ikasteko gaitasuna besterik ez duzu falta. Egoera horretara iritsita, iraganean gaizki egindakoetatik ikasi eta hausnartzeko gaitasuna beharrezkoa izango duzu; izan ere, zerorrek eraikitako errezeta izango da etorkizuneko erronkei aurre egiteko estrategiak hobetu eta egokituko dituen sendabelar onena.

Biziraule batek ez du erraz amore ematen, ezta zailtasunak eta oztopoak gainditzeari uzten ere. Denok izan dugu gure bizitzaren momenturen batean edo bestean ekiteko har hori, edozer gertatuta ere aurrera egiteko sen hori. Aitzitik, enpresa bat sortzeko pausoa emateko erantzun beharreko galdera zera da: erresilietzia, ausardia, determinazioa, sormena eta ikasteko gaitasunaz gain, negozioa martxan jartzeko inbertitzera zoazen dirua galtzeko prest al zaude? Erantzuna ezetza bada, hobe aurrerago saiatu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK