Badira bideak zuzen doazenak, besteak bihurgunetsuagoak, eta badira elkargune bihurrian bukatzen direnak ere: semaforo argirik gabeko bidegurutze batera iritsi izan gara noizbehinka, eta horietan norberak erabaki behar du noiz eta nola gurutzatu. Hauetako bidegurutze batean aurkitzen dira oraintxe mundu mailako komunitate, herrialde, gobernu eta enpresak; ekonomia, etika eta politika gurutzatzen diren bidegurutze bihurria, argirik gabeko elkargunea. Ekonomiak, bere logikan, fluxua du oinarri: merkatuen irekiera, kontratuen sinadura, produktuaren eta zerbitzuaren truke etengabea; eta fluxua etetea arriskua da, ziurgabea. Politika, berriz, norabide baten bila ibiltzen da, norantz mugitu nahi edo behar dugun zehazten: batzuetan haizearen kontra, besteetan haren laguntzaz. Eta etikak berriz, isiltasun handiago batean jokatzen du; ez du kontraturik eskatzen, ezta boto-kutxarik ere, baina bere presentzia sumatzen da norbanakoen kontzientzian, kolektiboaren presio isilean.
Hiru indar hauek topo egiten dutenean, tentsioa sortzen da. Ikusgarria da nola praktikoa eta justua dena elkarren kontra nola agertzen diren askotan. Praktikoa jarraitzea izan ohi da, ez arriskatzea, fluxuak eta hartu emanak bere horretan mantentzea. Justua, aldiz, ez da beti errentagarriena, ez da estrategikoena, baina askotan bide bakarra da komunitate batek bere burua koherente sentitzeko. Enpresen kasuan, esaterako, merkatu batekin —Israelgo merkatuaz ari naiz— duen harremanari (fluxuari) noraino eutsi erabaki behar du, eta noraino entzun bere inguruko edota barneko-ahots etikoa. Euskal gizarteak —eta politikak ere badirudi baietz— hartu du erabakia, baina ekonomiak? Garbi al du?
Erabakiak ez dira beti beltz edo zuri, badira grisak ere: hautu partzialak, bazter batean baietz esan eta bestean ezetz dioten erabakiak, kontraesanak. Ekonomiaren hiztegian, erabaki bat argi eta garbi hartu ezin duen egoerak “dibertsifikazioa” izena hartu ohi du eta politikarenean, “estrategia mistoa”. Halako momentu lausoetan, ohi baino denbora gehiago pasatzen dugu bidegurutzean eta kotxe pilaketak, norabide nahasteak eta istripu arriskuak areagotzen ditugu maiz. Horixe da gaur egun ikusten ari garen kontraesana: alde batetik, diskurtso publikoan giza eskubideak urratzen dituen estatu eta egoera baten salaketa argia egin, eta bestetik, merkataritza-harremanak eta interes estrategikoak eten gabe mantentzearen aldeko apustua egiten ari gara.
Erakunde eta enpresek zehaztu beharko dute zein den euren mugarria: harremanak apurtu ala sektore konkretuetan “harremanak mantendu” eta zein baldintza etiko ezarriko dituzten erabakitzea. Gauzak horrela, gure ekonomiaren eta gizartearen norabide argi baten aldeko apustua egin behar dugu. Semaforo gorria jarri dio euskal gizarteak genozidioari, ez al dugu berdina egingo ekonomian? Litekeena da erabakia saihestea irtenbide onena ez izatea, hura ondo egitea baizik.