Auzitegi Gorenak irailaren 11n eman zuen 1119/2025 epaiak ate berri bat ireki du: administrazio publikoek erabiltzen dituzten algoritmoak ezin dira kutxa beltz gisa mantendu. BOSCO aplikazioaren —honen bidez, elektrizitate komertzializatzaileek automatikoki egiaztatzen dute eskatzaileek kontsumitzaile zaurgarri gisa gizarte-bonu elektrikoa jasotzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez— kode-iturria eskura izateko Civio Fundazioaren eskaera onartzeak ez du soilik gardentasunaren aldeko garaipen bat ekarri; demokratikoki funtsezko printzipio baten aldarrikapen aitzindaria ere bada.
Ez da soilik software baten jabetza intelektuala. Herritarrok orain arte ez dugu elektrizitate kontsumitzaile zaurgarria den ala ez hautatzeko aplikazio honen kriterioa zein izan den jakin, eta sententzia honek, administrazioak zer-nola erabakitzen duen argituko du. Bono sozial elektrikoa bezalako neurrietan, milaka familia tarteko, ez dirudi nahikoa izan denik administrazioaren azalpen orokorra, eta beharrezkotzat jo du algoritmoaren barruan sartu eta egiaztatzea legeak ezarritakoa ondo betetzen den ala ez. Epaiak oinarri garbi bat ezarri du: gardentasun eskubideak lehentasuna du jabetza intelektualaren eta segurtasunaren aurrean, baldin eta erabaki automatizatu horiek herritarren eskubide sozialetan eragin zuzena duten.
Hau ez da ñabardura juridiko bat: etorkizuneko kontratazio publiko guztiak baldintzatzen dituen norabide politiko eta etiko baten aurrean gaude. Erabat aldatu dezake algoritmoen mundua.
Zer esan nahi du horrek praktikan? Hemendik aurrera, administrazioek ezingo dute software enpresen atzean ezkutatu eta esan "kodea pribatua dela" edota "segurtasunagatik ezin dutela argitaratu". Aurrerantzean, kontratu publikoetan klausulak argiak izango dira: kode-iturria auditatzeko eskubidea bermatu eta gardentasun kontrolak ahalbidetu beharko dituzte enpresek. Finean, herritarrek eta eragile sozialek aukera izango dute egiaztatzeko algoritmoek legea modu arbitrarioan interpretatzen ez dutela.
Hau mugarri juridiko bat da, baina badu mugarri demokratikotik ere. Politika publikoen kontu ematea bezalaxe, algoritmo hauek ere kontu eman beharko dute bono sozial eta laguntzak nori eta zergatik emango zaizkien, inor atzean utzi gabe. Etorkizunean ere, adimen artifizialean oinarritutako sistemak eraikiko baditugu —laguntza sozialak, osasun publikoaren lehentasunak edo hiriaren kudeaketa erabakiko dituzten algoritmoak—, ezingo dira gardentasun printzipioetatik kanpo geratu, eta BOSCO aplikazioari aplikatu zaion kriterio berak aplikatu beharko zaizkio. Gardentasun oso honek fidagarritasuna eragingo du gizartean eta gizarte justu eta ekitatiboagoa eraikitzen lagunduko du. Gutxi batzuk jakingo dugun arren, herritarron garaipen kolektibo bezala hartu beharko genuke, estatu demokratikoetan algoritmoek ere kontuak eman beharko dituztelako hemendik aurrera.
“Ordenagailuek ez dute inoiz gezurrik esaten, baina ez dizute beti egia kontatzen” esaldia etorri zait burura, eta epai hau horren aurkako antidoto moduko bat delakoan nago. Orain, BOSCOren kodea argituko den bezala, gure gizarteak ilunpean gordeta dituen gainontzeko algoritmo publikoak —oraingoz, behintzat— argira ateratzeko ausardia izan behar dugu, ea urdaila dugun!