Elkar entzunez

Oraindik ikusi ez baduzu, irakurle, egin albait azkarren, mesedez: joan Berriaren esteka honetara eta ikusi Gipuzkoako Hitzak atondu duen solasaldi goxo hau. Eider Mendoza —Gipuzkoako diputatu nagusia—, Amagoia Mujika —Berria egunkariko zuzendaria—, Idurre Eskisabel —Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia— eta Nekane Artola —Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria— ari dira bertan. Ez dut uste zerbait erabat berri aurkituko duzunik, ez zenekien zerbait deskubrituko ote duzun duda egiten dut. Niri, behintzat, ezagunegia egin zait guztia eta hala ere, iltzatuta geratu naiz ikusten eta hausnartzen.

Elkar entzunez, elkarri erantzunez, elkar osatuz dihardute eta horrela, emakumeek ardura-postuetan partekatzen dituzten bizipenak aletzen dituzte. Ez luke deigarria izan beharko, baina bada, gizonen neurrira egindako esparru publiko eta profesionaletan gutxitan gertatzen da era honetako solasaldiren bat ikustea. Elkarri hitza jaten dioten kasu bakanetan, barkamena eskatzen dute; oro har elkarri lekua uzten diote, solasaldian nork berea jar dezan. Eta? Bada, horixe, ez lukeela arraroa izan beharko, baina bada eta hor dago koxka, hain zuzen ere: ez dute konpetitzen hitza berenganatzeko, eta komunikazio kooperatiboaren bidez, hitzak, ideiak eta proposamenak entzuten ditugu. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. 

2023a "Gaitasunen Urtea" izan zen Europan, gero eta aldakorragoa den ingurune profesionalean behar diren konpetentziak lantzearen eta gure enpresa eta erakundeetan txertatzearen garrantzia aldarrikatzeko. Horren kariaz, makro inkesta bat egin zen Europa osoko askotariko erakundeen artean, behar izango dituzten profesionalen profila ezagutzeko. Ezusterik ez: aldaketa handi baten premia nabarmen agertu zen. Ezagutzaren ekonomian oinarritzen den gure munduan gaitasun “gogorrak” edo teknikoak nahitaezkoak diren bezalaxe, gaitasun "bigunak" deritzatenak ere ezinbestekoak dira. Gauza desberdinak egiten dakiten pertsonak behar ditugu gure lan-taldeetan, noski, baina horrez gain, gauza horiek beste modu batean egiten dakitenak behar ditugu, berezi ardura-postuetan, erakundeen kulturan eta egiteko moduetan ekarpena egin daitekeen tokietan, hain justu ere. Komunikazio kooperatiboa da gaitasun bigun horien oinarrietako bat.

Inkestak, baina, bide horretan oso atzean gaudela erakusten du. Hamarretik bederatzik gaitasun bigun horiek ezinbestekoak direla aitortu zuten, baian ez dira hamarretik bira iristen konpetentzia horiek lantzeko programa espezifiko bat dutenak. Gaitasunak entrenatu egiten dira, baina horretarako entrenamendu pistak eta orduak ezarri behar dira. Aldaketak ez dira berez gertatzen.

Solasaldi horretan, goia jo duten emakumeak agertzen dira, bakoitza bere esparruan, eta beren ibilbide profesionalak anitzak badira ere, zoru komuna partekatzen dute, errotikako desberdintasunak berberak baitira politikan, hedabideetan, hezkuntzan eta gizarte-mugimenduetan. Ez da erraza emakumeak sartzea gizonen neurri mugatzailearen arabera kodifikatu den botere-egituran sartzea eta horregatik, egiturak aldatzea helburu duten emakume liderren bidea bereziki interesgarria da. Boterea eta ardurak beste era batera ulertzeko gauza izango gara? Prestigio publikotik bereizi eta elkar hartuz gidatzeko kapaz izango gara?.

Lidergoaren eraldaketaz hitz eta pitz ari gara eta agian, begien aurrean dugu gure erakundeak (guztiak) hobetuko lukeen biderik errazena, emakumeen lidergoak erakusten digunari erreparatzetik hasita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK