• IRITZIA
  • Elkarteak sortzea ere ekintzailetza da
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Elkarteak sortzea ere ekintzailetza da

2026ko uztailaren 13a - 05:30
IMG 0131

Aurten, ezagun batzuek elkarte berri bat sortu dute auzoan: estatutuak erregistratu, batzarra deitu, kide-kuota bat finkatu eta ondo diseinatutako egitasmoa dituena. Ez dute inbertsiorik jaso, ez diote enpresa izaerarik eman, eta irabaziak banatzeko asmorik ere ez dute, baina ez al da ekintzailetza? Behar bat identifikatu dute, baliabideak antolatu, arriskua hartu, egitura bat martxan jarri eta jasangarri egin dute. Zergatik ez dugu pentsatzen orduan, beste ekintzailetza bat posible dela?

 

Diskurtso nagusiak ekintzailea enpresaria bezala definitzen du beti, baina bada gure herrialdean txikia ez den beste ekintzaile profil bat, aitortza txikiagoa izan dezakeena baina oinarrizko funtzioa duena: xede soziala duten elkartegintzarena. Euskara elkarte bat, kultur elkarte bat, auzo-mugimendu bat… Horiek guztiak ere norbaitek pentsatu, martxan jarri eta eraiki behar izan ditu. Ez dago irabazi ekonomikorik, baina bai ogibidea bilakatzen den proiektu eta lantalde bat.

Eta hain justu exekuzioa da, ez ideia hutsa, benetan balio duena. Enpresa munduan gero eta argiago dago: ezagutza ez da jada bereizgarria —edonork du eskura teknologia, informazioa eta ezagutza guztia (Interneten)—. Talentuan eta exekutatzeko gaitasunean dago aldea. Bada, gauza bera gertatzen da elkartegintzan: ideia onak nonahi daude, baina gutxik betetzen dituzte estatutuak, gutxik antolatzen dituzte batzarrak eta eusten diote proiektuari bost urte geroago ere. Elkarte bat sortu eta bizirik mantentzea benetako ekintzailetza-lana da, bada ekintzailetza egiteko beste modu bat, eta lerrootan aitortza eskaini nahiko nioke.

 

Baina zergatik eta zertarako sortu elkarte bat orain? Ehun sozioekonomikoan egiten diren azterketa askok gauza bera diote: gizarte atomizatuek, lotura gutxiko herritarrek, gunerik gabeko auzoek mezu erreakzionarioekiko iragazkortasun handiagoa dute. Elkarte-sareak, aldiz, barrera gisa funtzionatzen du: tokian tokiko erreferentzialtasuna sustatzen du, komunitate izaera eraikitzen, jendea elkarrekin egoten irakasten, arazoak partekatzen eta konponbideak elkarrekin eraikitzen. Ez da kasualitatea gure herrian dagoen elkarte-dentsitatea gure erresilientzia historikoaren zati garrantzitsu bat izatea.

Zoritxarrez, sare hori zaindu beharrean gara, inoiz baino ahulago dago eta hor dugu erronka: elkartegintza boluntariotza hutsean oinarritu da askotan, baina zergatik ez dugu elkarte bat sortzeko aukera ogibide edo bizi-iturri alternatiba bezala eraikitzen? Zergatik ez ditugu kide-kuotetan bizi diren elkarteentzako finantzaketa-eredu berriak pentsatzen?

Ekintzailetza eredu ezberdinen praktika beti egon da hor, baina ekintzailetzaren definizioa zabaldu beharrean gara. Ez da soilik merkatu-arazo bat konpontzea eta dirua irabaztea; batzuetan, arazo sozial edo kulturalak identifikatzea, eta horri erantzuteko elkarte bat eraikitzea ere proiektu ekintzailea bilakatu daiteke, ezta? Ekonomiak neurtzen duena bakarrik existitzen dela pentsatzeko tentazioa dugu askotan, baina errealitateak oso bestelako planteamentu bat proposatzen digu: gizarterik osasuntsuenak ez dira soilik enpresa gehien sortzen dituztenak, baita norbanakoek elkarrekin, eta merkatuaren logikatik kanpo, zerbait eraikitzen duten horiek ere. Ekonomia batek merkatu-arrakala bat betetzen duten enpresak behar ditu, bai, baina baita komunitatea josten duten elkarteak ere. Batzuek balio ekonomikoa sortzen dute, eta besteek, balio soziala, gizarte kohesioa, hizkuntzaren sustatzea… eta hori ere ekonomiaren oinarrizko azpiegitura da, nahiz eta inongo balantze-orritan ez agertu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain