Azken aldian zientzia, teknologia eta berrikuntza gobernu, erakunde eta medio guztietan entzun eta irakurtzen ditugun terminoak dira, baina berrikuntzarik handiena ez ote litzateke emakumeak esparru horietan aginte postuetan egotea?
Hainbat ikerketaren arabera anitzak diren taldeek soluzio berritzaileagoak proposatzen dituzte, eta zientzian emakume gutxi egoteak aurrerapen zientifiko eta teknologikoan ikuspegi gutxiago txertatzea dakar eta eragin zuzena du aurrerapen ekonomikoan. Izan ere, Munduko Ekonomia Foroak estimatzen du lan munduan dagoen genero-arrakala desagerrarazteak bilioika dolar gehitu diezazkiokeela munduko ekonomiari.
Zoritxarrez egoera hori urrun dugu. Espainiako gobernuak eskatuta 2024an Emakumeak, Zientzia eta Berrikuntzan behatokiak (OMCI) egindako Women and Innovation txostenean ondorioztatzen denaren arabera, aurrerapenak egon diren arren, emakumeek oraindik ez dute baldintza berdinetan parte hartzen I+G+B sektorean. Emakumeak gutxiengo dira sektore estrategikoetan eta teknologia berrietan, hala nola IKTetan, non enpresen %61,3k ez duen emakumezko espezialistarik langile-taldean. Badirudi emakumeon ekintzailetza-tasa igo dela, baina oraindik zailtasunak ditugu berrikuntzaren sektorean sartzeko, erreferente gutxi daude eta emakumeen %65ak uste du guraso izateak emakumeen karrera profesionala oztopatzen duela gizonena baino gehiago.
EHUn 2023an egindako genero diagnostikori erreparatzen badiogu, gure graduetan %55 dira emakumeak, masterretan %47 ingurura jaisten da portzentajea eta doktoretzan %51tik gora geratzen da. Baina zenbaki horiek erabat aldatzen dira jakintza arloaren arabera. Alorrik feminizatuena osasun zientziak dira (%71,6), eta beste muturrean daude ingeniaritza eta arkitektura alorrak non bataez bestean emakumeen portzentajea ez den %30era iristen gradu zein graduondokoetan. Informatika Fakultateari erreparatzen badiogu, desoreka nabarmena da. 2002. urtetik hona nekez gainditu du emakumezkoen kopuruak %20 Informatika Ingeniaritza graduan, eta azken urteetan eskaintzen dugun Adimen Artifizialeko graduan %30en bueltan dira emakumeak. Ikertzaileen artean ere %25en bueltan dago portzentaje hori. Txosten beraren arabera, lan mundura jauzi egiten dugunean, zientzia eta teknologia eremuetan ere emakumeen soldataren batezbestekoa gizonenaren azpitik dago.
Egoera horri buelta emateko lanean gabiltza Emakumeak Zientzian (EEZZ) ekimenean. 2017an erakunde talde txiki batek EEZZ ekimena sortu zuenean erein genuen lehenengo hazia, eta ordutik lanean dihardugu emakume zientzialariak ikusgai egin, estereotipoak apurtu, bokazio zientifikoak piztu eta inguru seguruak sortzeko. Baina lorategia hazi dadin ahalegin eta zaintza kolektiboa behar dugu: instituzioen konpromisoa behar dugu besteak beste berdintasun politika egokiak bultzatuz; lantokietako zuzendaritzen konpromisoa eta egoera erreala aztertu ondotik sortutako berdintasun planak behar ditugu; berdintasuna denon kontua dela argi duten eta espazio seguruak eraikitzen lagunduko diguten bidelagun, gizon, sentsibilizatuak behar ditugu; komunikabideen laguntza behar dugu emakume zientzialari eta teknologoak ikusarazi eta haien iruditeria aldatzen laguntzeko; ingurukoek, eskolek, institutuek, etab. neskatoak eta emakumeak babestea eta animatzea behar dugu; eta noski, gure arteko, emakume zientzialarion arteko, sonoritatea ezinbestekoa izango da.
Denon artean zainduta soilik emango ditu fruituak hazi eder horrek!