Emakumeen beirazko kanpaia

Beirazko kanpaia Silvia Plath poetaren nobela oraintsu euskaratuan kontatzen da nola 1963an, New Yorken eskuarte oneko gurasoek, alabak idazkaritza-eskola garestietara bidaltzen zituzten, kapela, galtzerdiak eta eskularruak jantzita joan behar zutenak klasera, enpresari edo enpresarigairen baten idazkari-lanetan jarduteko. Enplegua, kontatzen du idazleak Garazi Arrulak itzulitako lanean, karreradun gizon batekin ezkontzeko itxarotealdi bat baino ez zen.

Esperientzia pertsonaletik abiatzen den nobela honetan, protagonista kexu da takigrafiaz idazten ez dakielako, eta beraz, ezingo duelako lanpostu on bat lortu. Izan ere, dio, inork ez du ingeles filologo soil bat nahi, takigrafia dakien ingeles filologo bat baizik. Etorkizun oparoko gizon gazte guztiek eginen liokete eskaintza ingeles filologia eta takigrafia dakien emakume bati. Plathentzako, ordea, arazoa zen gorroto zuela gizonen zerbitzura edozein modutan egotea, berak diktatu nahi zituen gutunak.

Asko dago kontatzeko oraindik, bai historian eta bai literaturan, emakumeok lan munduan dugun tokiari buruz.

Joan zen martxoaren 18an EAEn indarrean sartu zen Emakumeen eta Gizonen arteko Legearen bigarren aldaketa, eta lege aldaketa hau koska bat gehiago ezartzera dator lan munduan ere emakume eta gizonen arteko erabateko berdintasuna iritsi ahal izate horretan, izenetik bertatik: Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea izango da hemendik aurrera. Izan ere, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko modua berdintasuna baita, alegia, eremu guztietan desberdinkeria guztiak ezabatzea. Baita lan arloan ere.

Eta hortxe kokatzen dira enplegu eta lan arloan martxoaren 18tik kontutan izan behar ditugun neurri berriak: hasteko, xedatzen du legeak, enplegu zerbitzuek emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko moduan trebatu beharko dituztela langileak. Era berean, enplegu zerbitzuek neurriak hartu beharko dituzte emakume gutxiago dauden sektoreetan emakume gehiago kontrata ditzaten, kalitatezko enpleguetan, eta genero ikuspegia sartu beharko dute lanbide hezkuntzan.

Legeak aurreikuspen berri bat ere ezartzen du ordainsari-diskriminazioa sahiesteko: laneko ikuskaritzaren bitartez, plan eta kanpaina espezifikoak egingo dira ordainsari-diskriminazioaren kontra, eta, xedatzen du Administrazioak baliabideak jarri beharko dituela balio berekoen lanari ordainsari bera ematen zaiola bermatzeko. Sektore pribatuan sektore publikoko laguntzak edo kontratuak eskuratu ahal izateko, bermatu beharko da emakumeen eta gizonen ordainsarien arloan gardentasun eta berdintasun printzipioak betetzen direla.

Negoziazio kolektiboari dagokionez, Administrazioak bereziki bultzatu beharko du elkarrizketa emakumeak gehiengo diren eta hitzarmen kolektiborik ez dagoen sektoreetan. Eta Administrazioak genero ikuspegia bultzatu beharko du lan segurtasun eta osasunaren arloan.

Azkenik, legea betetzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ziurtatze aldera, 50 langiletik gorako enpresa pribatuek planak landu beharko dituzte barne funtzionamenduan eta kanpora begira neurri zehatz eta eraginkorrak hartuz. Helburua bailitzateke Silvia Plathek deskribatzen duen moduko lan mundua literaturan baino ikus ez dezagula.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK