Emozioak pertsonon erabaki guztien oinarrian daude, baita lanean edo negozioetan datu edo analisi hotzek bideratuta hartzen omen ditugun horietan ere. Algoritmo eta adimen artifizialak dena kutsatzen duela ematen duen sasoian, emozioa sorrarazten diguten ekintzak dira arrastorik sakonena uzten dutenak.
Aurtengo udaberrian emozioa dabil hitzetik hortzera: Lucia Lakarrak bere ikuskizun berriari AI jarri dio izena, Amalur Indarra, eta AAk emozioak sortzeko gaitasuna izateak ematen dion ikara adierazi du.
Gizakiak eragindako emozio sakonak ere bizi izan ditugu. Jende gehien parte hartu duen Korrika bukatu berriak gehienetan errepikatu duen komentarioa emozio kolektiboarena da. Korrikaren unean zirrara konpartitua, bihotz taupadak, negar malkotan asko eta asko.
Euskararen lasterketak sortutako emozioa oraindik zeharo itzaltzeke, futbolaren emozioak hartuko du lekukoa. Berriz milaka pertsonek, oraingoan Realzaleak, partekatuko dute identitate baten parte izateak ematen dien poza eta garaipenerako itxaropena.
Emozioa, baina, moztutako lorea da, momentuan ikaragarri ederra eta gozagarri, egun gutxi batzuk uretan pasa ondoren zimeldu egiten dena. Orduan, kontua da nola eutsi emozio kolektiboak sortutako ekintzari, nola egin ekintza hori soilik hamaika egunetako ekitaldi hunkigarri izan ez dadin eta nola lortu bertan metatutako energiak zerbait aldatzeko balio dezan.
Zeren bideratzen eta erabiltzen ez den energia spinning bizikleta bat bezalakoa da: indarra sortzen du, baina indar hori ez da ezertarako erabiltzen.
Ondo dakite hori ekintzaileek: ideia eta pasio handiak balio ahal du enpresa bat sortzeko. Baina proiektu partekatu eta bideragarri egingo duen ondorengo lan eta egitasmo barik, hasierako emozioak hutsa mugitzen du.
Nola egin orduan emoziotik konpromisorako saltoa egiteko? Futbolak jakin du, nolabait, horri bide ematen: milaka lagunek bidaiatuko dute Sevillara, eurotariko bakoitzak erosiko ditu sarrerak edo merchandisinga, lehendik ere badu identitate kamiseta, bandera edo bufanda, eta dena ematera joango dira futbol zelaira edo aldirietara, eurotariko bakoitza taldea hil ala biziko bataila batean balego legez animatzera. Taldearekin poztuko da eta taldearekin sufrituko du. Eta energia hori guztia erabiliko da garaipena lortzen saiatzeko eta taldea indartzeko.
Korrikaren ostean, AEKk jasotako babesa eta merchandisingaren ostean, nola egingo dugu parte hartu duten pertsona eta entitate guztiek sortutako energia euskara erabiltzera bideratzeko? Ipiniko ditugu neurgailuak? Konpromisoak eskatuko dizkiegu erakunde eta eragile guztiei? Proposamen serio bat egingo diogu lasterketan ibili den euskaltzale hunkitu bakoitzari? Prest dago gizartea ariketa hori egiteko?
Emozioaren errusiar mendiaren ostean orain da sasoia erakunde, eragile eta pertsona guztiek balia dezagun sortutako indarra benetako eraldaketa bat egiteko. Zeren oraingo zirrara iraungi egingo da, eta konturatu orduko, bertan dauden bi urte barru, marmotaren emozioen lasterketa ospatzen gabiltzala sentitzeko arriskuan eror gaitezke.