• IRITZIA
  • Enpresa pribatuek zerbitzu publikoa kolapsatzeaz

Enpresa pribatuek zerbitzu publikoa kolapsatzeaz

2026eko martxoaren 10a
elena laka

Enpresa pribatu batzuk abusuz jardun izanak zerbitzu publikoen kolapsoa ekar dezake. Horren adibide justizia administrazioan gertatzen ari dena.

 

Jakina da, bestela ere, justizia administrazioa gainezka egitetik gertuko egoeran dagoela. Horren zioak denetarikoak ziur asko: sistemaren antolaketa bera, aldaketa burugabe samar asko urte gutxitan, epaile nahikoa ez biztanleko, antolaketako hutsuneak langileen artean... baina baita ere azken urteetan epaitegietara eraman diren espedienteen hazkunde ikaragarria.

Zerk eragin du auzitara eramaten diren gatazken ugalketa? Neurri handi batean, banku zuzenbideari, kontratazioko baldintza orokorrei eta abusuzko klausulei Espainiako Auzitegi Gorenak lehenik eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ondoren azken hamahiru urteetan jarritako mugak. Gai hori izango da herritarrentzat ezagunena, berariazko epaitegiak sorrarazi dituena eta Lurralde Auzitegiak eta Espainiako Auzitegi Gorena espedienteetan itotzera eraman dituena.

 

Bada bigarren gai judizializatu bat orain pil-pilean, batez ere Auzitegi Gorena espedientez bete duena: kamioien kartelak deiturikoaren aurka jarritako demanda judiziala. Europako Batzordeak zehapena jarri zien kamioien zazpi fabrikatzaile handiei 1997 eta 2011 urteen artean kamioien prezioak modu ez legezkoan adostu zituztelako, eta ondorioz, sasoi horretan kamioia erosi zuten erosleek gainprezioa erreklamatu ahal dute. Modu adostuan lehenik, eta epaitegietan adostuan ez bada eskatutakoa lortzen.

Ondorioz, bankuek zein kamioien enpresa handiek abusuz jardun izanak, abusu horiek legez aitortu izanak, eta, euren kabuz, sortutako kaltea ez onartu eta ordaindu izanak, epaitegiak lepo bete ditu. Auzitegi Gorenak dioenez, 27.864 auzi dauzka zain, horietatik %43,5 banku zuzenbideari lotuta, %16 kamioien kartelei.

Abusuzko jardunak justizia administrazioko zerbitzu publikoan gainkarga demasa eragin du beraz. Milaka herritar beren erreklamazio eta diruaren zain, eta beste milaka gainerako auziak ebaztearen zain.

Gorenean sortutako itomena hain da handia, modu ezohikoan ebazpena argitaratu duela urtarrilaren bukaeran: kamioien kartelen eragina izan duten alderdiei gogoratu die Gorenak zein jurisprudentzia ezarri duen gai honetan; funtsean, Europako Batzordeak ezarritako zehapenaren ondorioz prezioaren gainkostu bat sortu zaiela kamioi erosleei eta gainkostu hori frogatu ahal dela, eta beraz, fabrikatzaileek ordaindu egin behar dutela.

Hortaz, jurisprudentzia finkatuta dagoenez, ebazteko dauden espediente guztiak bitartekaritzara bidaliko dituzte Gorenetik. Bitartekaritza borondatezkoa da, baina, dio Gorenaren ebazpenak, alderdiren batek ez badu bitartekaritzara joan nahi, auzibideko kostuak ordainarazi egingo zaizkiola.

Alegia, lehen aldiz Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du gai jakin batzuk bitartekaritzara bidaltzea eta biziki gomendatzea bitartekaritzari ekin diezaioten. Lehen aldia da Gorenak errekurtso kopuru handi bat tramitetik kentzeko saioa egin duena.

Lehen aldia da baita ere bitartekaritzak Gorenaren hain babes handia lortzen duela, posible izan dena, batez ere, 1/2025 Lege Organikoari esker, zeinak gatazkak konpontzeko irtenbide egokiak modu masiboan sartzen dituen Espainiako zuzenbidean.

Era berean, Gorenaren ebazpen horrek aitortzen du enpresa pribatuen jardun desleial eta abusuzkoak nola baldintzatu dezakeen zerbitzu publiko baten funtzionamendua. Hainbestekoa da baldintza hori gainerako gai asko baztertuta gera daitezkeela herritarren kalterako.

Eta, azkenik, ebazpenak erakusten du gatazkak konpontzeko auzibidea ez den bestelako bideak ezartzen direnean, posible ematen duela auzitegien lan-karga arintzea. Urte bukaeran pendiente dauden auzi espedienteak zenbatu beharko ikusteko.