Enpresak, aktore politikoak

Duela 40 urte, enpresak erakunde zurrunak, pribatuak eta gizartearekiko harremanik edo ardurarik gabeak ziren. Produktibitate eta errendimendua besterik ez zuten haien planetan eta gainontzekoak (kate-produktiboek sortzen zuten kutsadurak, langileriaren baldintzak, genero-arrakala…) hor konpon! Garai horretan hasi zen enpresaren erantzukizun soziala —edo ezagunagoa den ESK— eta deribatuen inguruko teorizazio eta kontzeptualizazioa. Urteetan kexak izan dira —eta arrazoi osoz— enpresek kontakizun eta diskurtso bikainak eraiki dituztela, komunikazio taldeak martxan jarrita, euren jarduera zuritzen: greenwashinga, esaterako.

Egun, ordea, erantzukizun sozialaren garrantzia maila teoriko eta diskurtsibo batetik benetan aplikatzeko beharra ikustera igaro dira enpresak. Krisi klimatikoa, arrakala-digitalak edota gizartearen etengabeko eskaerak bultzatuta, enpresa produktiboetatik enpresa politikoak izatera pasatzen ari gara. Enpresek beti bilatuko dute produktibitatea eta errentagarritasuna, baina ez edozein preziotan. Gaur egungo enpresa berriak gizartean aktore garrantzitsu bat izateko misioarekin jaio direla sinetsita daude eta jasagarritasun ekonomikoaz gain, jasangarritasun ekologikoa eta soziala ere oso kontutan hartzen ari dira haien negozio-ereduetan. Hala izan behar, bestela ez baitira izango.

Enpresa politikoranzko bilakaera behetik gorakoa izaten ari da. Enpresa berrietatik hasita —askotan berriak direnean eta dimentsio txiki batean koherentzia mantentzea errazagoa izaten da— pixkanaka-pixkanaka enpresa handiagoetara iristen ari den kontzientzia eraikitzen ari da. Euskal Herrian aspalditik eratu den faktore giltzarrietako bat da enpresa kooperatiboen presentzia; haietariko askok frogatu dute posible dela enpresa-arrakasta eta langile eta, oro har, komunitatearekiko erantzukizuna eta errentagarritasuna uztartzea posible dela. Gurean, aldaketa hori bereziki nabarmena izan da, eskualdeko enpresa-pentsaeran eragina izan duten faktore historiko eta kultural batzuk medio. Langileekiko baldintzak eta lan-hitzarmenen lanketa, euskararen erabilera sustatzea, ingurumenaren zaintzaren aldeko ikerketa eta berrikuntza… ez dira kasualitatea izan.

Aitzitik, badira enpresaren produktibitatea eta beste interes batzuk gizartearen ahotsa eta nahiaren gainetik jartzen dituztenak ere. Orain gutxi publikatu da notizia: “Saudi Telecom Companyk (STC), Telefonicaren 2.100 milioiko kapitalaren %9,9 erosi du”. Ez naiz akordioaren zehaztasunetan sartuko, baina dirua injektatzeaz gain, enpresaren gehiengoarekin egin da Arabiako funtsa, eta hedabide batzuek “gainjartzerik ez dagoela” baieztatzen duten arren, errealitatea oso bestelakoa izango delakoan nago.

Informazio gehiago Saudia Arabia eta Telefónica: funts subiranoen geopolitika

Milioika euro xahutzen dituzte urtean jasangarritasunaz hitz egiten sare sozialetan; baita soldata-arrakalaz, herritarren indarraz eta bla, bla, bla. Zoritxarrez oraindik ere asko dago egiteko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, enpresak gizartearen eta gobernantzaren aktore klabe bezala ulertzeko eta bide horretan erantzukizunak hartzeko. Beti esan izan da enpresa edozein administrazio publiko edota gizarte-masaren aurretik izan dela beti berrikuntzan, zerbitzuetan, teknologian… Honetan, ordea, badirudi askok ez dutela aldatu egun zertan den gizartea. Garaiak aldatu dira, kalean nabarmen aldatzen ari dira ideiak, eta berandu baino lehen, enpresak ere bide horretan behar dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK