Enpresaren etxea (egoitza) defendatuko dut... Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailearen kontra. Edo beste modu batean esanda, egoitzaren bortxaezintasuna pertsona fisikoei ez ezik, pertsona juridikoei aplikatu behar zaie.
Horrela argitu du Auzitegi Gorenak aurki emandako epai batean. Aztertutako kasuan, zera gertatzen zen: Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskailetza (LGSI) titularraren baimenik eta baimen judizialik gabe sartzen da merkataritza-enpresa baten egoitza soziala den industria-nabe batera, zeinak, aldi berean, lantoki gisa balio duen, ikuskapen-jarduketak ez duenean barne hartzen artxiboak edo dokumentuak erregistratzea edo atzematea.
Auzitegi Gorenak gogorarazten du legeak mugatu egiten duela LGSIk lantokietan askatasunez sartzeko duen ahalmena, baldin eta lantokiak pertsona fisiko baten bizilekua badira; kasu horretan, titularraren baimena edo dagokion baimen judiziala eskatzen da. Aitzitik, legezko hutsune bat dago pertsona juridikoei dagokienez, eta hutsune hori integratu egin behar da helbidearen bortxaezintasunerako konstituzio-eskubidea zuzenean aplikatuz, nahiz eta pertsona fisikoei aitortutakoaz bestelako irismena izan.
Babesaren oinarria ez da norberaren edo familiaren intimitatea, baizik eta gizarte-jarduera garatzen den eta hirugarrenen aurrean erreserbatutako dokumentuak edo informazioak zaintzen diren espazioa babesteko beharra. Baimen judiziala sarrerako edozein administrazio-jarduketaren aurrekoa izan behar da, eta ez soilik artxiboak erregistratzeko edo atzemateko geroko neurrien aurrekoa; izan ere, "etxebizitzan baimenik gabe sartzea edo erregistratzea" da eragozten duena, "delitu gori-gorian izan ezik".
Beraz, aldi berean pertsona juridiko baten egoitza soziala eta enpresaren lantokia den espazio batean, artxiboak erregistratu eta eskuratzeko ez bada, aldez aurreko baimen judiziala behar du LGSIk. Aldez aurreko baimena behar izatea baztertu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bulegoen eremuaren eta lan-eremuaren artean banaketa fisiko nabarmena egotea, eta, gainera, agintaritzak edo haren agenteek jakinarazi beharko dute legez aurreikusitako eginkizunak betetzeko lehenengo baimenean sartzea baino ez dutela helburu.
Gogoeta horien ondorioz, Auzitegi Gorenak enpresaren errekurtsoa baietsi zuen, eta adierazi zuen sarbidearen hasierako muga hori eta banaketa espazial garrantzitsurik ez zegoenez, epailearen baimenik gabe sartzeak etxebizitzaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubidea urratu zuela.
Kontuan hartuta gure enpresa ehuna batez ere enpresa txiki eta ertainek osatzen dutela, eta horietan oso ohikoa dela egoitza soziala eta lantokiak bat egitea, baimen judizialak sistematikoki eskatu beharrak, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren lana nabarmen oztopatuko du, baita bere jardunaren berehalakotasuna eta erangikortasuna. Adibidez, lan baimenik gabeko langileak daudela konprobatzeko edo lan arriskuen prebentzioa egiten dela egiaztatzeko.
Horra hor gakoa: eskubide ezberdinen arteko oreka lortzea eta abokatuoi lana ematea (zer edo zertaz bizi beharko gara eta).
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta