Enpresaria bere lakioan

2025eko urriaren 17a
elena laka

Enpresek gure gizartean daukaten presentzia, errotzea eta indarra kontuan hartuta, enpresen inguruko zertzeladak ohiko dira lagunarteko hizketaldietan, herritarren bizitzetako erabakietan edo, jarri gaitezen apur bat poetiko, baita gazte askoren ametsetan edo planetan ere. Eta bizitzan gertatzen denak literaturan eta fikzioko kontakizunetan ere isla duenez, ez dira gutxi euskal literaturan enpresaren ekosistema gaitzat hartuta bilbatzen diren errelatoak. Enpresaren antolakundea fikziorako marko gisa hartuta batzuetan, enpresariak kontakizunaren pertsonaia moduan hartuta besteetan.

 

Enpresa munduan kokatuta dago Josu Goikoetxearen Lakioa liburuko ipuinetako bat. Liburua osatzen duten bederatzi ipuinetako pertsonaia nagusiak, idazleak kontakizun hartzen dituen une jakin horretan, lakio batean daude, bidegurutzean, eta horrela dago, baita ere, Mika eta belea ipuineko J. izeneko enpresaria. Barrikako baserria eraitsi ostean egindako txaletean hazitakoa, injinerua aitaren hatsa kokotean, enpresari arrakastatsuaren zantzu guztiak erakusten ditu: Ameriketan ibilitakoa, negozioetan aintzatespena erakusten duen automobil berri-berri baten jabe, energia berriztagarrien enpresari hauspo berria ematera etorri den promesa iragarria. Eta enpresako lan-kermesse bat aitzaki, J.ren inguruan kokatzen ditu idazleak edozein enpresatan identifikatuko genituzkeen gainerako pertsonaiak: Carmela emakume bikaina eta abila, bere lana kopla barik ondo beteko duena, izan “zeruko mana banatzea” zein “hondamenaren tronpeta jotzea”; Paco, “eskola zaharreko komertziala”, horrelako bilerak “txorradatzat" dituena, bere ustetan enpresari dena eman diona, laster kaleratuko dutela sinistuta; talde dinamikako errejidore gaztea, post-it eta Bic boligrafoz armatua, itxura batean eraginkorra, ezkutuan negarrez eta zigarroari zurrupaka; nola ez, aldundiko ordezkaria, Carolina Herreraz jantzitako hogeita hamarretako emakumea; eta ezin zen falta, giza baliabideetako arduraduna, J.ren ezkutaria izango dena, “emakume zimel berba leunekoa”.

Honaino J.enpresaria inguratzen duen enpresa-koroa. Aukeratutako paisaia ere ezaguna enpresa munduan: hotel diskretu ez luxuzkoa enpresaren proiektu berriaren aurkezpeneko egun-pasa egiteko. Eta paisaia horretan kokatuta J.ren garai berrietarako asmo tzarra: “akabo manera zaharrak, akabo bazkariak, akabo bazkari osteetako alkohol zopernak, karaokeak eta putetxeak, akabo merkatari-parrandak”. Akabo “denbora galerak”. Etorkizuneko aldaketari laguntzeko oinarri semantikoa ondoren: “etorkizuna”, “esperientzia”, “ausardia”, “leialtasuna” hitzak.

 

Hortxe, idazleak xehetasunei erreparatuta eta ondo kontatuta, enpresako giroan, gure J. enpresa gurua bere lakioan harrapatuta sentiarazteko osagai guztiak, zeharo burua nahastuta bi hegazti bere aurrean hizketan ari direla pentsatu arte.