Enpresarien delituak

2026ko uztailaren 24a - 05:30
JC21316(1)

Ez dago agintari ustelik enpresari ustelik barik. Edo, behintzat, azkenaldian Espainia aldean dabiltzan auzitegietako prozedurei buruzko albisteetan ikusten ari garenez, agintari batek ez du ustelkeriazko deliturik egiten ondoan —edo alboan, aurrean, atzean edo, gutxienez, gertu— enpresari bat izan gabe: gereziak bezala, beti binaka lotuta. Eta azken-azkeneko joeraren arabera, ez dago agintari ustelik enpresari ustel aitortzaile damuturik gabe; baina hori beste istorio bat da, eta beste une batean kontatuko dugu.

 

Sobera legoke esatea, agintari guztiak ustelak ez diren bezala, enpresari guztiek ere ez dituztela egiten ustelkeriari lotutako delituak; baina, badaezpada, idatzita geratzen da. Ikus ditzagun gaur zein izan daitezkeen enpresari batek, enpresa-jardunean diharduela, agintari baten eskutik egin ditzakeen delituak, Ábalos ministro ohi kondenatuaren ondoko Aldama enpresariaren kondenazko epaia oinarritzat hartuta:

  1. Antolaketa kriminala: delitua egiteko antolatutako talde bateko bultzatzaile, eratzaile, zuzendari, partaide edo laguntzaile ekonomiko izatea. Abiapuntu hartzen dugun epai honetan, diru publikoaren kudeaketan, kontratazioetan eta informazio pribilegiatuaren erabileran eragiteko asmoz eratutako egitura antolatu bateko kide izan da enpresaria.
  2. Eroskeria: delitu hau aski ezaguna da. Kasu honetan, enpresariak diru kopuru bat eskaini edo ematen dio administrazio publikoko langile edo agintari bati, haren karguari lotuta betebeharren kontrako egintza bat egin dezan. Dirua izan daiteke, baita ere, egintzaren bat atzeratzeko edo ez egiteko ordaina. Delitu hau, noski, bi aldetakoa da: dirua eskaini edo ematen duen herritar edo enpresari delitugile bat dago, eta, diruaren zertarakoa onartzen bada, politikari edo funtzionario ustel delitugile bat dago beste aldean.
  3. Eroskeria administrazioaren kontratazio, dirulaguntza edo enkante prozedura batean: aurrekoaren aldaera bat da. Enpresariak eskainitako edo emandako dirua aipatutako helburu horietara bideratua baldin badago, enpresariari jarriko zaion zigorra administrazioarekin kontratatzeko edo dirulaguntzak jasotzeko debekua izango da, bost eta hamar urte bitartekoa.
  4. Informazio pribilegiatua aprobetxatzea: agintariak edo funtzionarioak informazioa pribilegiatua erabiltzen badu beretzako edo hirugarren batentzako onura ekonomikoa ateratzeko, informazio pribilegiatua erabiltzeagatiko delitua egiten ari da. Eta, hurrenkeran, hemen ondoko gerezia, enpresaria: informazio pribilegiatu horretaz probetxua atera duen enpresariak edo herritarrak, isuna edo, interes publikoarentzako kalte handia sortzen bada, kartzela zigorra ere jaso dezake. Eta baita ere dirulaguntza, onura edo pizgarri publikoak jasotzeko debekua sei eta hamar urte bitartean. Dihardugun epai honetan, delitu hau epaitu zen, baina enpresaria errugabe atera zen egitate hauetatik. 
  5. Influentzia trafikoa: ezagunagoa da delitu hau agintari batek egin ahal duen aldaeran, Abalosen epaian agintaria kondenatu zuten beste agintari edo funtzionario batean eragiteagatik, beretzako edo hirugarren batentzako onura ekonomikoa ekar ziezaiokeen ebazpen bat lortze aldera. Ostera, ez zuten enpresaria delitu honetaz akusatu, baina delitua egin dezake baita ere herritar edo enpresari batek: agintari edo funtzionario batekin daukan kidetasunezko edo gertuko harremana baliatuz, onura ekonomikoa ateratzeko ebazpen bat lortzen saiatzen denean. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain