Enpresen arrakasta birpentsatzen

Gaur egungo enpresa-munduan, ukaezina da enpresen eta ekintzaileen zerrenda eta rankingen lehia, eta horren adibide dira Forbes zerrenda ospetsua edota start-upen arteko adarbakar izendapena. Izan ere, Unicorn bezala dira ezagunak 1.000 milioi euroko balioa duten enpresa teknologikoek. Baina zenbateraino dira baliotsuak zerrendok? Zerk ematen die enpresei ospea: rankingek ala gizartean sortzen duten inpaktuak? Aurreko astean Forbes aldizkariak argitaratu zituen zerrenden inguruan, hona hemen nire hausnarketa.

Nola egituratzen dira ranking horiek? Irizpide kuantitatiboetan oinarritzen dira maiz, hala nola diru-sarrerak, hazkunde-tasak edo merkatuan duten balioa, eta alde batera uzten dituzte funtsezko alderdi kualitatiboak. Berrikuntza, jasangarritasuna, inpaktu soziala, lan-giroaren kalitatea edota bezeroaren gogobetetzea bezalako metrikak neurtzen zaila direnez, ez dituzte kontuan hartzen, eta enpresen arrakastaren ikuspegi mugatua eta engainagarria sustatzen dute. 

Metrika kuantitatiboak garrantzia handia dutenez, zerrenda horietan agertzeko obsesioak enpresa-praktika eztabaidagarriak aplikatzera daramatza enpresari edo ekintzaile asko eta asko. "Zenbakiak egiteko" lasterketan, enpresa batzuek jasangarriak ez diren edo etikoki zalantzazkoak diren estrategietara jo dezakete, eta edozein negozioren helburu nagusia bistatik galdu: arazoak konpontzea eta gizartearentzat balioa sortzea.

Are gehiago, zerrenda eta ranking horiek lehia-kultura sustatzeko joera dute, lankidetzarako espazioa mugatuz. Lehen eman zitekeen enpresen arteko kooperazioa gero eta urriagoa da, eta lehiakortasunaren kontzeptuaren indibidualizaziorantz jo dute enpresek. Enpresen arteko interkooperazioa inoiz baino beharrezkoagoa den momentu horretan, eta berrikuntza eta arazo konplexuen konponbidea ikuspegi kolektiboa eskatzen denean, banakako zerrendak modan jartzen ari dira, salmenta, irabazi-marjina eta enpresaren balioa beste ezeren gainetik nabarmenduz. 

Zerk neurtzen du enpresa baten arrakasta? Zeri erreparatu behar genioke? Gogoratu behar da enpresa bakoitzak baduela bere bidea eta arrakastaren definizioa. Baliteke Silicon Valleyko start-up batentzat funtzionatzen duena ez aplikatzea Euskal Herriko kooperatiba batentzat, adibidez. Enpresa batek bere helburuak eta balioak betetzeko moduaren baitan neurtu beharko litzateke arrakasta, ez soilik zerrenda batean duen posizioagatik. Barne Produktu Gordina bezalako neurgailuekin gertatzen ari den bezala, enpresen arrakasta neurtzeko neurgailuak ere ezbaian jarri behar ditugu. Hona hemen neurgailu gehigarri batzuk: langileen ongizate emozional edo pertsonalaren garapena, malgutasuna eta erresilientzia, bezeroen asebetetzea, ingurumen inpaktua eta inpaktu sozialaren neurketa edota enpresaren balioen iraunkortasuna betetzea.

Bukatzeko, nahiz eta zerrenda eta rankingek enpresen egoeraren berehalako ikuspegia eman dezaketen, funtsezkoa da negozioen munduan arrakasta nola neurtzen eta ospatzen dugun baloratzea. Lehiaketetan eta konparazioetan zentratu beharrean, balioa sortzera, berrikuntza jasangarrira eta gure gizarteak dituen erronka errealen konponbidera bideratu beharko genuke. Horrela bakarrik sustatuko dugu benetan baliotsua eta erresilientea den enpresa-ekosistema.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK