Enpresen gardentasuna ez dadila geratu leihoetan soilik!

Soldata: lan egiten duen enpresa edo entitateko pertsona batek ordainsari gisa jasotzen duen dirua edo onurak (ordutegi malgua, pentsio plana...). Alegia, langileek ahalik eta hobekien bizitzeko erabiltzen duten dirua eta onura soziala da. Lanpostu berri baten sartzekotan zaudenean, negoziazio-punturik zailena da soldata —ikuspegi zabaletik ulertuta diru soldata eta soldata emozionalaz ari gara—. Gainera, askotan ez dago negoziatzeko aukerarik, baina behin langile moduan hasita, enpresan hainbat egoera aurki ditzakezu.

Norbanako bakoitzak lan bera egin arren desberdin kobratzen duen enpresa mota dugu, non, askotan ordainketa-sistema desberdinak ere dituzten. Hori gutxi balitz, zure soldataren bilakaera ziurrenik ez da zure jardunean oinarrituko, ez bada negoziatzeko gaitasunean eta borrokatzeko duzun gogoan.

Beste enpresa mota bat: 100% gardentasuna duena. Bertan langile guztion eskura dago gainontzeko lankideen soldaten inguruko informazioa, eta era berean oso erraza da jakitea zein izan daitekeen zure soldata-bilakaera;. Izan ere, soldata-politika zehaztuta dago, eta mundu guztiak du politika hori eskuratzeko zein horren inguruan hitz egiteko aukera.

Eta bada hirugarren enpresa-mota bat non, gardentasuna dagoen arren, langileen pribatutasuna gordetzen da. Hau da, soldata-tarteak dauden lanpostu motaren arabera. Hau da, lan bera egiten duten hiru langile badaude, baliteke bakoitzak soldata desberdina izatea, baina betiere lanpostu horretarako zehaztutako diru tartearen barruan. Eta noski langilearen diru sarreren bilakaera hainbat faktoreren araberakoa izango da: antzinatasuna, jarduna eta enpresaren emaitzak, besteak beste.

Badira zenbait azterlan soldaten inguruko gardentasunari (lankideen soldatak jakitea) buruzko emaitzak jaso dituztenak, soldata horiek duinak eta ekitatiboak diren edo ez sartu gabe. Gutxien kobratzen duten langileengan efektu “motibatzailea” dutela diote, batez beste, lanean denbora gehiago ematen dutelako, produktibitate maila igo egiten delako. Eta azterlan horri erreferentzia egiten zion artikulu baten aditzera ematen zen estrategia interesgarria zela langileak gehiago errenditzera motibatzeko.

Irakurri bezain pronto barruak mugitu zitzaizkidan. Nik estrategia horri tirania deitzen diot, eta hari horri jarraiki, beste gai bat azpimarratu nahi nuke: soldaten-gardentasuna enpresa-politika gisa ulertzen dut. Politika horrek lanpostu bakoitzean zer irabazi beharko litzatekeen zehazteaz gain, langile mota guztien soldaten (bai emozionala, bai diruzkoa) koherentzia eta duintasuna bermatu beharko luke. Alan Barrosok bere garaian esan zuen bezala, beti izaten dugu eztabaida: gutxieneko soldataren igoera beharrezkoa da, eta pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dira, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko. Baina inork ez du gehieneko soldata bat jartzeko eztabaida zabaltzen. Eta zenbakiek diote IBEX enpresetako zuzendarien soldatak batez beste langileenak baino 118 aldiz handiagoak direla. Adibidez, Inditexen ratioa 289 aldiz handiagoa da.

Ondo daude gaur egun martxan ipintzen ari garen sistema eta lanketa berriak, baina batzuetan soldata emozionala diru soldata ez hain duinen trukean ematen ari gara. Eta ez da bidezkoa: gardentasunak alor guztietara iritsi beharko luke. Ausartzen zara eztabaida hori zure enpresan zabaltzen?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK