Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Epe luzeko onura faltan

2026eko martxoaren 16a
xabi murua 2022

Azken hilabeteetan adimen artifizialaren inguruko eztabaida teknologikoa baino gehiago ekonomikoa eta politikoa bihurtzen ari da. Adimen artifizialaren lasterketaren erdigunean dagoen enpresa bateko zuzendari nagusiak —Dario Amodei, Anthropiceko zuzendari nagusia— publikoki onartu du boterea enpresa gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari dela, eta hori egoera deserosoak ekartzen ari dela, baita beretzat ere. Ez da ohikoa halako aitortzarik Silicon Valleyko diskurtsoan. 

 

Azken urteetan diskurtsoa ia beti berdina izan da: abiadura, eskala eta lehia geopolitikoa, baina Amodeik dio eredu fundazional hauek —ChatGPT, Claude, Gemini…— ekonomia digitalaren oinarrizko geruza bilakatzen direnean, kontrola duenak ez duela produktu bat merkaturatuta izango, baizik eta sektore osoen berrikuntza- eta garapen-erritmoa baldintzatzeko gaitasuna izango dutela; edo bestela esanda, zein enpresak funtzionatuko duen eta zeinek ez erabaki ahal izango dutela.

Anthropic irabazi-asmoko enpresa da, baina bere egituran Long-term Benefit Trust izeneko organo independente bat txertatu du, interes ekonomikorik ez duten kideekin. Denborarekin, organo horrek gero eta pisu handiagoa hartzen du zuzendaritza-kontseiluan: esaterako, orain gutxi, Trumpek gerrarako erabili nahi duen Anthropicen AA ereduaren erabilera ezeztatu berri dio organo independiente horrek. Ez da irtenbide perfektua, baina badu funtzio interesgarri bat: teknologia estrategikoen —mundu mailako eskalan eragiten duten hauek— gobernantza ezin dela soilik merkatuaren logikan aritu, etika geruza bat aplikatu beharra dugula merkatuaren interesen aurretik.

 

Are ausartagoa da Amodeiren beste ideia bat: batzuetan abiadura pixka bat jaistea beharrezkoa izan daitekeela. Ideia horrek ia blasfemia dirudi gaur egungo lasterketa teknologikoan, baina norabidea argi ez dagoenean, abiadura handiak akatsen kostua biderkatu egiten du, AA ereduen ebaluazio-mekanismoak atzetik joaten baitira, eta gizakiaren kontroletik eskapa baitaitezke. Horrek ez du esan nahi aurrerapena geldiarazi behar denik, baina bere hitzetan, “aldi baterako” geldialdiak egitea bai, norabidea zuzentzeko tartea irabazteko. Funtsean, teknologia eta adimen artifizial arduratsuaren ideia martxan jartzea.

Aurreko horri gaineratzen diodan beste kezka bat gizakien gaitasun kognitiboaren ahultzea da; izan ere, gaur egun jada ikusten ari garen mikro-erabaki asko AAren esku uzten ditugu, eta beraz, pentsatzeko muskuluak gutxiago erabiltzen. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua Amodeiren mezua. AAren lasterketan indar eta garrantzia handia duen ahotsa da, gizarteak sinesgarritasun berezia ematen diona, eta AAren gobernantzaren debatea erdigunean jarri izanaren eskertza egiten ari zaio jendea. Anthropic inork ez ezagutzetik, azken asteotan asko hedatu den OpenAI-rekiko alternatiba sendoa bilakatu da. Alternatiba etikoa, AAren gobernantza eta etikari garrantzia emango dion alternatiba.

Teknologiaz arduratsuago hitz egingo duten liderrak behar ditugu, muga etikoak, erabilera-neurriak eta datuen gobernantzaren erabakiei helduko dieten enpresak. Amodeik bide interesgarri bat ireki du, ea badiren jarraipena ematen dioten beste batzuk.