Komunikazio eta lidergo aholkularia

Erabaki

2026ko maiatzaren 6a - 05:30
Aran Erasun 1

Lorik gabeko minutu eta orduak, amaierarik gabeko gauak. Lantaldeari edo antolakundeari eragiten zioten erabakiek (beti eragiten dute, zuzendaritza ardurak ditugunean) gehiegitan bakerik ematen ez zidaten ekintzak ziren. Hartuta zegoen erabakia, prozedurak eta ardurak eskatzen zuten bezala, baina barne asaldura orduan egiten zen burrunbatsuago. Askori gertatuko zitzaigun bezala, lantaldeak kudeatzea eta erabaki estrategikoak hartzea lehenik praktika izan zen, ahal genuenetik eta genekienetik. Eta beranduago etorri dira gure jarduera ulertzeko begirada eta tresnak.

 

Askotan entzun dizuet “ni ona naiz nire arlo espezializatuan, baina niri inork ez dit erakutsi jefa izaten”. Ezta ardura hori konpartitua denean ere. Antonio Damasioren “Deskartesen akatsak” eta hurrengo lanek eman zizkidaten hari batzuk ulermenerako, etengabe ikerketapean daudenak. Gizakion erabakiak hartzeko prozesuek (bereziki ziurgabetasun pertsonal eta sozialarekin lotuta dauden testuinguruetan) gorputz eta emozio mekanismoak behar dituztela zioen: “Zentzua emateko, arreta bideratzeko eta aukeren eremua murrizteko, arrazoibide esplizituak lana amaitu aurretik”. Erabakiak hartzeko prozesuen amarauna osoa aintzat hartu behar dugula, alegia.

Erraza baita erabakiak hartzea, prozedurak eta ardura eremuak finkatuta ditugunean. Zailagoa, ordea, horien ondorenak sostengatzea. Bai emozionalki ekartzen diguten eraginean, baita lantaldean edota enpresan harremanen geruzan ekartzen dituzten olatuak ere. Erabaki bakoitzak beti baitakar irabazia, eta baita galera ere. Lehentasun bat ezartzen dugun unetik bigarrentasunean dagoena galduko dugu. Eta horrek ez digu denei berdin eragiten.

 

Beldurra, bertigoa, ezintasuna, zalantza, tentsioa. Nork hartu ditu erabaki esanguratsuak horiek gabe? Mapa emozional zabala irekitzen da bilkura mahaian eserita dauden gorputzetan, erabaki mailaren araberako intentsitatean. “Ezin dugu emozioek erabaki dezaten utzi”, entzun diet goi mailako zuzendaritza arduretan daudenei, ez gutxitan. Emozioak ez dira berez oztopo, beti daude gure prozesuetan. Baina nabigatu gabeko emozioak, kontziente egiten ez ditugunak, horiek bai arrisku izan ditzakegu. Orduan hartzen dute lema, konturatzen ez garenean.

Erabaki onak hartzeko, eta horien ostean lo lasai egiteko ez da izango errezeta bakarra. Baina urteotan kozinatutakotik osagai oinarrizko hauek hartu dute pisu gehien: batetik, erabakitzeko espazioak argi sortzea. Eskatzen dituzten bilkura motak, horietarako baldintzak eta kontestuak zehatz marraztea. Bestetik, prozesuaren erritmoak definitzea, bereziki erabaki hartze prozesuak kolektiboak direnean: ze informazio fluxurekin, ze denboretan, zenbat pausotan. Eta ezinbestean hirugarren hanka, joko-arauak argiak, zehatzak eta elkarbanatuak izatea: eztabaidatzeko modua, iritzia eta ikuspegiak eman eta jasotzeko bideak, eta erabakiak ixteko modu zehatzak. Esplizitua ez dena itzalpean erabakitzen baita.

Prozesu hobeek ekartzen baitituzte erabaki hobeak. Arduradunen zeregin nagusia erabakiak hartzeko testuinguruak diseinatzea baita. Ez erabaki guztiak hartzea.

Erabaki
Erabaki | Argazkia: Aran Erasun