Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Erabakia da erronka

2026eko martxoaren 30a
xabi murua 2022

Enpresak dira teknologia berriak hartzen dituzten lehen gizarte eragileak. Adimen artifizialerako sarbidea inoiz baino gehiago zabaldu da enpresetan azken hilabeteotan: kodea idazteko, salmentarako, marketin kanpainak diseinatzeko… tresnak mahai gainean daude, baina oso enpresa gutxi egiten ari dira benetako eraldaketa. Erronka ez da teknologikoa, baizik eta antolakuntza, pertsona kudeaketa, lan-kultura eta estrategiarekin zerikusia duten aspektuak lantzea trantsizio honetan.

 

Enpresa askok “pilotuen tranpan” harrapatuta jarraitzen dute. Proba txikiak egiten dituzte, baldintza kontrolatuetan, emaitza onekin, baina teknologia horren erabilera eskalatzea tokatzen denean —sistemak integratzea eta lan egiteko modua sakonetik eraldatzea— dena gelditzen da. 

Enpresak beren eraginkortasuna handitzen ari dira, kostuak murrizten eta prozesuak azkartzen, baina hazkundean, inpaktua askoz txikiagoa izaten ari da. Gutxi batzuek bakarrik lortzen dute adimen artifizialak modu esanguratsuan diru-sarrerak handitzea. AA oraindik ez dago berrikuntza edo proposamen balio berria eraikitzeko momentuan; gehienek dagoena hobetzen dute, azkarrago edo hobeto egiten. Gutxik planteatzen dute gauzak beste modu batera egin behar ote diren.

 

Aldi berean, hiru joera indartsu agertzen ari dira, enpresen estrategia eta erabakietan gogor sartzen ari direnak. Lehenengoa, subiranotasun teknologikoa: enpresek gero eta gehiago baloratzen dute teknologiaren jatorria. Bigarrena, AA agentikoa: erabakiak autonomoki hartzen dituzten sistemak hedatzen ari dira, baina gobernantza ereduak oraindik nahiko ahulak dira. Hirugarrena, AA fisikoa: robotika eta sistema autonomoak eskala handiagoan hedatzen ari dira, baina hasiera batean uste zena baino erritmo motelagoan. Oraindik ez dira ia merkaturatu ere egin.

Adimen artifizialaren etorrerarekin, jakina da enpresa gehienek ez dituztela oraindik lanpostuak berrasmatu; moldatu bai, baina ez eraldatu. Langileei lana hobeto edo azkarrago egiteko tresnak ematen zaizkie, baina ez da lanaren diseinua aldatzen. Hau izan daiteke benetako erronka: adimen artifizialak ez ditu lanpostuak ordezkatu behar, baizik eta rolak, fluxuak eta erabaki-egiturak birpentsarazi behar ditu.

Aukera historiko baten aurrean gaude: teknologia jada badago, baina antolakuntza eta pentsamoldea ez. Nazioarteko aholkularitza batek orain gutxi egin duen ikerketaren arabera, munduko enpresen heren batek dagoeneko adimen artifiziala erabiltzen du produktuak, prozesuak edo negozio-ereduak eraldatzeko. Beste heren batek prozesuak birdiseinatu ditu, baina eredua bere horretan mantentzen du. Eta gainerako herenak oso modu orokorrean erabiltzen du, oinarrian ezer ukitu gabe. Hau da, gehiengoak dagoeneko existitzen dena optimizatzen du; gutxiengo batek baino ez du galdetzen egiteko beste modurik dagoen.

Hau esanda, enpresa askok nahiago dute AA laguntzaile moduan erabili, ezer eraldatzailerik bilatu gabe. Atzean geldituko al dira horiek ala AArena ez da hainbesterako izango? Asko dakienik bada, eta baieztatzen dute gaur egun ezagutzen ditugun LLM deiturikoek ez dutela askoz gehiagorako ematen.