Eraikina baino, nahiago eskua

Aurreko astean zabaldu zituen ateak Bilboko BAT B Accelerator dorreak. Nazioarteko ekintzailetza zentroa izateko asmoz sortu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak palazioa, eta Impact Hub, Talent Garden eta House Water aholkularitza multinazionalak kudeatuko dute eraikina. Inaugurazioaren egunerako % 80ko okupazioa zuen eraikinak, enpresa, inbertsio funtsen entitate, start-up eta akademia munduko beste hamaika eragilerekin, euskal jatorrikoak gehienak. Ekintzailetza ordea, ez da eraikin ponpoxoetan hasten.

Ekintzailetzari ematen zaion trataera eta esanahia ez zait batere justua iruditu. Urteak dira ekintzailetza modan jarri dela, eta moda horren baitan ekintzailearen estereotipo ez-zuzen bat eraikitzen jardun dugula, erakundeetatik hasita. Su artifizialen politikak dira denak: start-upen ekitaldiak, ekintzaileen nazioarteko kongresuak, coworking espazio modernoak… eta orain Bilbo erdian egokitu duten eraikin ponpoxo ia oso bat. Ekintzailetza esparruan, etxeko teilak txukun eta egoki kokatzen adituak gara oso, baina zimenduei dagokienean… Zein da proiektu ekintzaile bat hasteko ditugun laguntzak probintzia bakoitzean? Nork formatzen gaitu ekintzaileok? Zein erraztasun finantzario dago ekiteko? Denok dugu posible proiektu ekintzaile bat hastea? Zenbat diru behar du ekintzaileak denboran arriskua eta ziurgabetasuna kudeatzeko? Aberatsentzako al da ekintzailetza?

Fokua desenfokatu dugu. Ekintzaileei zuzendutako hitzaldi batean ezin da eraikin bat “errealitate eginiko ametsa” denik esan, ezta “eraldaketa proiektu” bat denik baieztatu, espazio batek ez baitu arrakasta bermatuko. Bertan dauden start-up eta gainontzeko entitateek multinazionalen bulegoek dituzten pareko erosotasunak, sarrera, espazio irekiak, kafetegia eta bilerak egiteko gelak izango dituzte, bai. Baina hobe lukete negozioan zentratu eta garapenerako formakuntza eta erremintak eskaintzea, bestela alferrik izango dituzte luxu guztiak.

Nik dakidala, ekintzaile batek dituen beharrak oso bestelakoak dira proiektu berri bat hastera doanean. Hasteko konfiantza; norberarekiko konfiantza, baina baita inguruan dituen instituzio eta bestelako eragileena ere. Konfiantza hori eraiki daiteke lehenengo bezeroak lortzen lagundu eta horien zerbitzu edo produktuak erabiltzearen aldeko apustua eginez instituzioen aldetik.

Bigarren, arriskua, denbora eta ziurgabetasuna kudeatzeko laguntzak. Ekintzaile izateko indarra askok izaten dugu, baita ideia eta proiektu posibleak ere. Baina gutariko zenbatek dugu puntako teknologia bat garatzeko behar dugun adina errekurtso? Eta teknologia izan gabe ere, denda bat alokatu eta stocka erosteko adina aurrekontu? Eta hilabeteetan diru-sarrerarik gabe bizitzeko adina aurrezki? Aurreko batean, ekintzaile arrakastatsu batzuen arteko elkarrizketa batean galdera berdina egin zuten: “ekintzaile izatea dirudunen eskueran bakarrik al dago?” Lauek aho batez baietz zioten, diru asko behar dela kontratazioak egin eta eraikitako soluzioaren merkaturatzea azkartzeko, edota polikiago baina denbora luzeagoan diru-sarrerarik gabe lanean jarduteko lasaitasuna ematen duela. Bietako bat, ezinbestean.

Fokua zentratu dezagun, eta erabil ditzagun errekurtsoak ekintzaileen benetako beharrak asebetetzeko. BAT bezalako dorreak ekintzaileei bideratzea primerako ideia iruditzen zait, baina uste dut badirela aurretik asebete daitezkeen premiazko behar asko ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK