Eraldaketa digitala: paradigma-aldaketa Kultura eta Sormen Industrietan

Kultura- eta Sormen-Industriak (KSI), euren berezko balioaz haratago, berrikuntza, garapen sozioekonomiko eta gizarteen ongizatea sustatzeko aktibo garrantzitsu izan dira azken hamarkadetan. Horregatik, geroz eta garrantzi handiagoa hartu dute eskualde-politikan. Hala ere, KSIek garapen azkarreko ingurune batean dihardute, aukera berriak eskaintzen dituena etengabe; baina, era berean, beraien inpaktu sozioekonomiko positiboa mugatzen duten erronkak planteatzen ditu.

Hortaz, KSIen sektorearen egiturarekin loturiko erronka espezifikoez gain, erronka exogeno garrantzitsuak ere pairatzen dituzte, adibidez, izan dugun pandemia egoera. Presentzialtasunaren mendeko industria denez, jarduera mugatua izan zuen garai horretan: Euskal Autonomia Erkidegoko 243 enpresen desagerpena, 563 enpleguren murrizketa eta enpresen fakturazioaren % 30aren jaitsiera ekarri zuen. Hala ere, Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan egindako azken txostenean ondorioztatu ahal izan dugu, 2022ko urtarrilean, enpresen zein enpleguen kopuruak pandemiaren aurreko mailak berreskuratzeaz gain, gainditu ere egin zituztela. Indartsuen berreskuratu diren KSI jarduerak informazio- eta komunikazio-teknologiei loturikoak dira; hau da, edizioaren, ikus-entzunezkoen, irratiaren, telebistaren eta informatikaren jarduera-adarrekoak. Datu horrek agerian uzten du, azpisektore bakoitzera egin beharreko egokitzapenekin, negozioen eraldaketa digitalak hazteko aukerak eskain ditzakeela.

Erraza litzateke esatea datuek adierazten dutela digitalizatuen dauden jarduerak gai izan direla pandemiari hobeto aurre egiteko, eta, beraz, KSI guztiek ahaleginak egin beharko lituzketela euren negozioen eraldaketa digitala bultzatzeko. Badakigu, ordea, hori ez dela lan erraza enpresentzat, askok ez baitute baliabide ekonomiko, ezagutza edota denbora nahikorik. Gainera, arazoa are larriagoa da KSIen kasuan: enpresen ia %70 pertsona autonomoek osatzen dute, eta, beraz, oso zaila da beharrezko ahaleginak egitea negozioen eraldaketa digitala lortzeko, maiz ezinezkoa.

Bestalde, eraldaketa digitalak ez du zertan beti onuragarria izan, prozesua ezagutza eta helburu zehatzekin egin beharreko zerbait baita. Horregatik, digitalizazioaren ahaleginik garrantzitsuena enpresek egin behar duten arren, administrazio publikoek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta beste hainbat eragilek gai honi buruz ikertzen jarraitzeko erantzukizuna daukagu, industria-sareari ezagutza, aholkularitza edota baliabide ekonomikoak eskaini ahal izateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK