• IRITZIA
  • Eraldaketa industrialaren atarian
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Eraldaketa industrialaren atarian

2026eko otsailaren 23a
xabi murua 2022

Adimen artifizialaren inguruko eztabaida publikoan, utopia distiratsua eta distopia apokaliptikoaren bi muturrak azaltzen dira askotan: AA ona ala AA gaizkilea dela argudiatzen duten argumentu irmoak. Azken asteetan oihartzun handia izan duen testuetako bat Marc Andreessen inbertitzailearena izan da. Silicon Valleyko figura esanguratsuenetako bat da, eta gaur egun AA arloan diru gehien inbertitzen ari denetako bat. Bere artikuluan, AAren aurkako beldurrak “paniko moral” gisa deskribatzen ditu, eta kontra argudiatzen ditu esanez ez dela arrisku existentzial bat, gure zibilizazioak sortu duen tresnarik onena izan daitekeela baizik. Ez beldurretik, baina arduratik egin beharreko hainbat galdera sortu zitzaizkidan artikulua irakurtzean, eta jarraian azaldu eta argudiatzen saiatuko naiz.

 

Adimen artifizialak “desinformazioa eta gorrotoa areagotzen” duenaren argudioari, Andreessenek arriskua minimizatzen duela eta erregulazio gehiegik zentsura ideologikoa ekar dezakeela ohartarazten du. Kontrara, galdera hau egingo nioke: nork definitzen ditu AA lengoaiek jarraitu beharreko “giza balioak”? Desinformazioa minimizatzeaz ari denean, erabiltzailearen gaineko lehen iragazpen bat egiten ari da, erabaki politikoak exekutatzen. Informazioaren boterea modu horretan zentralizatzen denean —lengoaia erabilienak dituzten enpresa gutxi batzuen esku gelditzen denean— diskurtso publikoaren kontrola ere zentralizatzen da, eta zentsura aplikatu.

Lanaren auzian, Andreessenek ekonomia klasikoaren argudioa berreskuratzen du: teknologiak produktibitatea ekarriko du, honek prezioa jaitsiarazi, hortaz eskaria handiarazi eta lan berriak sorraraziko dituela. Historikoki hala izan da, baina gaur egungo testuinguruan bi ñabardura gehitu behar genizkioke: lehenik, AAren hedapen-abiadura aurreko iraultza teknologikoena baino askoz handiagoa da eta trantsizio sozialak ez dira hain azkar egokitzen; eta bigarrenik, azken hamarkadetan produktibitatearen irabaziak ez dira modu proportzionalean soldatetara transferitu, beraz, galdera ez da lan berriak sortuko diren ala ez, baizik eta nork eta noiz jasoko dituen onurak.

 

Desberdintasun eta arrakala sozialaz ere dihardu Andreessenek, esanez teknologiak guztiak azkenean merkatu egiten direla eta guztion poltsikoetarako adinako prezioak lortuko direla, elektrizitatearekin edo internetekin gertatu zen bezalaxe. Egia da hedapena gertatzen dela, baina AAren kasuan azpiegitura eta datuen jabetza oso kontzentratuta daude gaur egun konputazio masiboa eta datu-biltegi erraldoiak eskatzen dituelako, eta horrek botere ekonomiko eta politiko berria sortzen du. Sarbidea masiboa izan daiteke, balioaren jabetza, ordea, ez.

Teknologiarekiko lehia itsuak —Txina, AEB eta Europaren artekoa— ez du zertan askatasuna bermatu, askotan, kontrol mekanismo berriak legitimatzen baititu. Andreessenek AAren aldeko apustu irmo eta optimista egiten du, eta bere ikuspegia koherentea da inbertitzaile baten logikatik: azkartasuna, eskala, lehiakortasuna. Baina gizartearen logikatik, erantzuna konplexuagoa da: ez da AA garatzen jarraitu behar dugun erabakitzea, galdera da zein arau, zein kontrol demokratiko eta botere-banaketa irizpiderekin. AAk ez du bere kabuz mundua salbatuko edo suntsituko, boterea nola antolatzen dugun da erabakigarria, eta hori ez da algoritmoen esku utzi beharreko auzia.