Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Erdi-ilunpean, erdibidean

2026ko apirilaren 28a - 05:30
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Egun hartan, apirilaren 28an, gure lankideetako bat Lisboatik batu zen bilerara. Proiektuaren epeak berrantolatzen ari ginen, espero eta aurreikusi gabe agertu ziren bi kontu horiek nola edo hala txertatu behar izango genituela esaten… eta bat-batean, isiltasuna. Pantailak izoztuta. Ondoko eszena komiko samarra izan zen: elkarri mezu gurutzatuak bidali genizkion, bakoitza "bere" arazo teknikoa zelakoan, barkamena eskatuz. Izan ere, nola pentsatu hala ez zenik? Bakoitzak uste izan zuen berea zela akatsa, bere konexioa, bere wifia, hau da, bere mundu txikia. Minutu batzuk behar izan genituen —elkarri deika, ordurako huts egiten hasia zen seinalearekin— ulertzeko arazoa guztiona zela batera, hots, milioika pertsonarena.

 

"Urtebete besterik ez?" eta "urtebete jada?" esaldi berean sartu ditugu etxean aipatu dugunean. Denboraren segidan ezin kokatze horrek ez du esan nahi memoria txarra dugunik. Besterik gabe, oraindik zeure egin ez duzun zerbait gertatzean ematen den erantzun logikoa da. Nik gertakari hori, joan den urteko itzalaldia, "Kaosa" izeneko karpeta mentalean sartu dut. Hor gorde ditut, besteak beste, COVID-19aren garaiko bizipen bitxi horiek guztiak. Gertatu behar ez luketen, baina gertatzen diren jazoera ia surrealista horiek hor daude.

Itzalaldiaren biharamunean bertan sareko operadoreak sistema indartu zuen, eguneko 25 ziklo konbinaturaino —goiz hartan aktibo zituen zazpien aldean—. Zentral horien lehengaia den gasa %57 baino gehiago garestitu zen. Gaur egun argindarraren fakturako lau eurotik bat sarea zutik mantentzera bideratzen dela diote ikerketa batzuek, eta lehen aldiz irakurri nuenean, egia esan, ez zitzaidan arraroa egin. Gain-kostu hori hilero ordaintzen dugu, zehazki zergatik ez badakigu ere.

 

Eta hori, sosetara eramaten zailagoak diren bestelako kostuak aintzat hartu gabe. Zenbat galdu genuen inprobisatutako koordinazio-orduetan, informazio egokirik gabe hartutako erabakietan, protokolorik gabe kudeaturiko krisia izan baitzen, ilunpean eta mugikorraren bateria %12an. Nola neurtu duela urtebeteko konfiantza-galera?

Ekonomiak ondo neurtzen du ikus daitekeena: kilowattaren prezioa, enpresen kostuak, lehiakortasunaren tentsioa. Hori guztia ezaguna zaio eta beraz, badakigu zenbat gehiago ordaintzen ari garen. Ez da horren argi ikusten, ordea, zer den ezaguna zaigun gainkostu horrekin batera erdi ezkuturik irentsi duguna: ahultasuna ez da jada salbuespena, araua baizik.

Dena ondo dabilenean primeran funtzionatzen duten lan-ereduak, balio-kateak eta fluxu operatiboak eraiki ditugu. Hiperkonektibitatea —talde banatuak, hodeiko zerbitzuak, etengabeko bilera— gure gaitasun produktibo handiena da. Eta, hain zuzen ere horregatik, huts egiten duenean, den-dena erortzen da, den-dena doa, zineman bezala, beltzera. Elkarrekiko mendekotasunak atzera-bueltarik ez duela argi dago eta, ondorioz, ezinbestekoa da lehentasunez kudeatzea.

Sistema elektrikoa ez da epe laburrean nabarmen fidagarriagoa izango. CNMCk irekitako espediente zigortzaileek —hasieran 20 izan ziren, gaur egun jada 35— hemezortzi hilabeteko ebazpen-epea dute. Iragarritako erreformak ez dira iritsi eta sektoreko iturrien arabera, onartu diren aldaketa teknikoak "aspaldi onar zitezkeen".

Urtebete igaro da itzalaldi handi horretatik, eta berdin jarraitzen dugu neurri handi batean: banakako akatsa izan zela sinetsi dugu, zailagoa baita ulertzea sistema bera izan dela. Kostua banatzen den bitartean, zergatia lausotu egiten da. Hori horrela izanik, balizko egonkortasuna oinarri hartuta planifikatzeari ezin zaio baikortasuna deitu, axolagabekeria galanta baizik.

Zenbat eta konplexuagoak izan eraikitzen ditugun sistemak, orduan eta lausotuagoa izan ohi da erantzukizuna huts egiten dutenean. Guk dakigula, inork ere ez zuen botoirik sakatu dena itzaltzeko, baina dena itzali egin zen. Oraingoz ez du inork erantzukizun argirik hartu, baina norbaitek ordaindu egiten du hilero-hilero dagokiona. Erantzukizun falta sofistikatua da: banatua, teknikoa, ia dotorea.

Itzalaldia abisu bat izan zen. Ez hainbeste energiaren ahultasunaz, baizik eta hura ulertzeko ditugun markoen ahultasunaz. Jakin beharko genuke honezkero: salbuespenak errepikatu egiten dira, eta hala denean, lehenago edo geroago, normala irudituko zaigu.

Duela urtebete, hiru hiritan geunden, eta gutariko bakoitza bere konexioa konpontzen saiatu zen, arazoa guztiona zela jakin gabe. Gauza bera egiten jarraitzen dugu.

Ikasi dugu berriro gerta daitekeela pentsatuz bizitzen, baina itxura denez, ikasi ez duguna da zergatik. Eta antza, ez zaigu axola.