Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-kanpaina azken txanpan sartu da. Datorren igande gauean jakingo dugu nola banatuko diren Gasteizko Legebiltzarreko eserlekuak, hori baita bertan botoa emateko eskubidea dugun herritarrok erabakiko duguna. Gero partidaren bigarren erronda etorriko da: behin boto-esleipena ezagututa, alderdi politikoek erabakiko dute nola osatuko den gobernua, ongi bidean, hurrengo lau urteetarako. Hauteskundeak, izan ere, sufragio zuzenaz erabakitzen dira eta gobernuak, berriz, negoziazioz.
Inkestek diotena hitzez hitz beteko ote den ez dakigu, baina ez da oso bizkorra izan behar jakiteko astelehenean ez dela egongo alderdi bakar baten gehiengo zuzen nahikorik gobernua osatzeko. Negoziaziorik gabe gobernaezinak gara. Demokrazia ordezkatzailearen arauak dira: jokorako kartak guk banatzen ditugu, baina boterea mahaia txikiago baten gauzatzen den jokoan datza. Hauteskunde-kanpainan zehar, gutxi edo asko, herritarrok zuzenean inplikatuta gaude; igandetik aurrera, baina, bigarren plano baten geratuko gara, gobernua osatzeko mandatua duten alderdiek zer adostuko duten zain.
Boto-emaileen iritzia aldez aurretik ezagutzeko galdeketek diote herritarrok, orohar, interesa galdu dutela politikarekiko, baina nik ez dut horren argi ikusten. Galdetzen zaigun interes hori eboluzionatzen jakin ez duen prozesu bati buruzkoa bada, baliteke zuzena izatea. Benetako parte-hartzerako berrikuntzarik txikiena ere onartu ez duen sistema formal bati buruzkoa bada, agian. Lau urtean behingo “demokraziaren festatik” haratago ez doan prozesu errepikakorraz ari bada, orduan bai. Jakin nahi nuke, ordea, zer iritzi genukeen herritarrok azala eta mamia bereizteko modua balego. Arlo publikoari ez erreparatzea, bizkar ematea, arduragabekeria da, baina herritarron interesik eza ezin da soilik gure bizkar gainean utzi. Dena edo ia dena eraldatu duten berrikuntzen garaian bizi gara. Garapen teknologiko, kultural eta sozialek bizitzeko, kontsumitzeko, ikasteko, lan egiteko, ekoizteko eta harremanak saretzeko modu berriak ekarri dizkigute, baina erabaki politikoak molde zaharraren arabera gauzatzen ditugu.
Jasotzen ditugun zerbitzu guztiak erabat pertsonalizatu ditzakegun mundu honetan, gure botoa prozesu estandar zurrunaren parte da: zerrenda itxiak eta lau urterako programa itxiak, permamentziaren berrikuspen posiblerik gabe. Baldintza horietan aukeratuko zenuke, zer dakit nik, telefono-konpainia bat? Gas-hornikuntza? Netflix? Nik ez, baina halaxe aukeratzen dugu gure gaineko agintea. Grezia klasikoan idiotés hitzarekin izendatzen ziren arazo publikoetan parte hartzen ez zuten herritarrak, beren interes pribatuetara soilik lotzen zirenak. Atenasko filosofo eta politikari Periklesen esanetan, bizitza publikoan parte hartzen ez zutenak ezjakinak eta gaizki hezitako gizonak ziren, bizitza pribatuan baino bizi ez zena ezin baitzen gizaki oso kontsideratu. Hitzaren eboluzioa argi ikusten da gaztelaniaren kasuan: idiota eman zigun berba hark, guk ergela edo itzuliko genukeena. (Gizona idatzi dut, eta ez da akatsa, garai horretan emakume guztiak nahitaez baikinen idiota, herritar oso izatearen pribilegioa soilik gizonentzako baitzen, zehatzago esanda, gaitasun sozial eta ekonomikoa zuten gizonentzako). Ergela ez da parte hartzen ez duena, parte hartzeko bide berriak urratzeari uko egiten diona baizik.