Erraldoien bizkar gainean?

Norbaitek “Zazpi bikainak” aipatzen dituenean, niri western zaharrak datozkit burura, baina badakit mundu mailako enpresa teknologiko erraldoiez ari direla: Alphabet (Googleren matrizea), Apple, Amazon, Meta, Microsoftek, Tesla eta Nvidia dira erraldoi horiek, negozio-eskolatan eredu gisa ematen direnak.

Mundua bera jirarazten dutela esaten da maiz, eta hori gehiegitxo dela pentsatzen dudan bakoitzean, batezbesteko egun baten erabiltzen ditudan askotariko tramankulu edo zerbitzuei erreparatzen diet eta berehala baretzen zait zalantza.

Bikainak direnik ezin uka. Munduan egoteko modua erabat aldatu egin dute eta horrez gain, munta handiko negozioak dira, apika sekula ikusi ditugun handienak.

Hori horrela izanik ere, ekonomiaren paradoxak islatzen dituzten ispilu argigarriak ere badira, nahiz eta maizegi kanpora hedatzen duten arrakastaren irudiari bakarrik erreparatzen diogun.

Adibidez, argi erakusten digute enpresa baten tamainak ez duela zertan lotura zuzena izan beharrik lanpostuen sorrerarekin. Analisten arabera zazpi “bikain” horien artean % 12 gehiago salduko dute aurten, eta % 12 gehiago 2025ean. Ez dago gisa honetako hazkunde-aurreikuspenik duen bestelako industria sektorerik. Google, Apple, Amazon, Meta eta Microsoftek 327.000 milioi dolar inguru irabazi zituzten joan den urtean, aurreko ekitaldian baino % 25,6 gehiago. Errazago uler daiteke esaten badugu, adibidez, konparazio baterako Kolonbia edo Txileko BPGren parekoa dela irabazi-sorta hori. Bada, emaitza ikusgarri horiek ematearekin batera, kaleratze masiboen berri ere eman dute. Dirua egiteko ez da jadanik langilerik behar. 2022an eta 2023an, teknologia-enpresek 430.000 pertsona inguru kaleratu zituzten mundu osoan (Challenger, Gray & Christmas, Inc aholkularitza-enpresak egindako txostenak halaxe dio) eta 2024. urtea bide beretik dator: lehen hiru hilabete hauetan 25.000 langileri erakutsi diete irteerako bidea. Konpainia horien negozio-sendotasuna goraipatzen duten aditu berberek diote kalera-aldia ez dela inolaz ere amaitu eta nekez aurreikus daitekeela noiz gertatuko den, ezta noizbait lanpostuen soiltze hori eten egingo ote den. Pandemia urrezko aldia izan zen enpresa teknologikoentzat eta arrakastak euforia-olatua altxatu zuen Silicon Valley-n, baina erresakak berehala atera zuen azalera hondoa erabat zikina zegoela. Horrez gain, kontrolik gabeko inflazioari erantzuteko interes-tasak igo direnez gero, egoerak okerragora egin du, dirua maileguan hartzea asko garestitu delako garapen teknologikoaren lehen faseetan kapital handiak behar dituzten teknologia-enpresa askoren kaltetan. Aldeko haizearekin bizkor mugitzen da teknologiaren industria, baina ekaitzak jotzen duenean, dar-dar egiten du egiturak.

Enpresa teknologikoak datorrenaren abangoardia direla ere esaten da maiz. Bada, horretan ere, ez du ematen erabat ausartu direnik “ohikoa” eraldatzen: industria tradizionala bezain aurreikusgarriak dira generoaren kudeaketari dagokionez. Kaleratzeak masiboak izaten ari dira eta nagusiki eragiten die horrek emakumeei. Galdu diren lanpostuen % 45 emakumeei ihes egin diete industria teknologikoen lan-indarraren azterketa egiten duten ikerlariek erakutsi dutenez. Erdia baino gutxiago da hori eta beraz, lehen begiratuan, zertan kezkaturik ez legoke, ez da?  Hala beharko luke mundu osoan emakumeak teknologia-rol guztien % 15 baino ez direla kontuan hartzen ez badugu. Beraz, eta hitz lauz jarrita, sarbidea zailagoa zaigu eta behin sartuta ere, ezin esan bidea ordeka izango denik. Ez dut nik, bada, inolako berritasunik ikusten hor. Joan den larunbatean, martxoaren 23an, Kontziliazioaren Eguna izan zen eta horren kariaz, berriro agertu ziren ispilatzearen aurrean gaudela, zaintzaren karga nola edo hala orekatu arte ez baita egiazko aukera-berdintasunik izango.

Aro teknologikoan gauza desberdinak modu desberdinez egin behar omen dira eta gisa honetako enpresa teknologiko erraldoien ereduak aparteko lilura sortzen du, urrezko ardi-larruaren eredutzat hartzen dira eta. Distira egiten duen oro ez da, ordea, urre. Newton-ek zioen bezala, erraldoien bizkar gainera igo behar dugu zer datorren ikusteko eta niri behintzat, dakusaguna ez zait batere lasaigarri gertatzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK