Komunikazio eta lidergo aholkularia

Erre ala piztu

2026ko uztailaren 1a - 05:30
Aran Erasun 1

Berrikuntza-plan bat aurkeztuko al genuke 43 gradutan, leiho guztiak itxita eta urik gabe? Eta zergatik egiten dugu hori lantaldeetan?

 

Aurreko astean tenperaturaren eragina ez den beste ezertan pentsatzea zaila egin zait. Kantauriko bazter hauetan inoiz bizi gabeko beroaldiaren baporeak lausotu du gure egunerokoa. Europa osoan bezala, mugatu ditugu gure jardunak. Ez korrikarik eguerdian, ez lorategiak ureztatu, ez mendi irteerarik ohiko baldintzetan. Errepideetan ikusi ditut beharginak lanean, arrisku larriko egoera sumatu dut. Ez, eguraldia ere ez da gauza bera denontzat. Halakoetan, garunaren azken zirrikitua ere itzal bila, arnas bila, freskura bila. Itzala pribilegio.

Eta topatu dut neure burua laneko egituratzea ere moldatzen. “Ezin dut” gehiago nire buruan eta praktikan. Ezinbestekoak zirenak bai, baina esfortzu mentala eskatzen zutenak ere zail, labe girootan. Baldintza klimatologikoen arabera egokitu egiten dugu gure jarduera, baina gauza bera egiten al dugu lantaldeetan dugun giroarekin?

 

Egitasmoak abian jartzen ditugunean, batzuetan ahaztu egiten ditugu hiru galdera klimatologikoak: “Zein eguraldi daramat gaur barruan?”, edo “zer giro dago harremanean?”, eta “ze klima emozional arnasten ari da taldean?”. Eta azken hori erabakigarria izaten da lan prozesu batzuk posible bilakatu ala ezinezko izateko, hasi aurretik. Batzuetan ekaitz betean gaude, bestetan antizikloian, eta lehorte betean ere egon gaitezke antolakunde gisa.

Eguraldia ez dugu kontrolatzen, noski, baina lantaldeen kasuan baldintzak sortu bai, tenperatura erregulatu eta babeslekuak eraiki, esaterako.

Heike Bruch Suitzako ekonomia-psikologoa, Lidergo eta Giza Baliabideen Kudeaketaren Institutuko zuzendaria, duela hamarkadak hasi zen antolakundeen eraldaketa, energia eta errendimendu handiko erakunde osasuntsuak ikertzen. 2000ko hamarkadan Bernd Vogelekin elkartu zen, bera lidergoaren eta antolakuntza-portaera ikertzen zebilen. “Zergatik antzeko baliabideak, estrategia eta pertsonak dituzten antolakunde batzuetan jende bat piztuta dago, eta beste batzuetan itzalita?”, hauxe beren bilaketaren xedea. Engaiamenduaren gakoen bila, lantalde eta erakundeen energia kolektiboaren kontzeptua topatu zuten.

Zeri deitu zioten energia kolektiboa? Bertako kideek helburuak lortzeko duten motibazioa, ideiak sortzeko gaitasuna eta ekiteko prestutasunari. Eta energia horren intentsitateari eta kalitateari begiratuta, lau egoera ezberdin marraztu zituzten. Ikerketek erakutsi zuten ez zirela nahitaez zoriontsuenak, arrakasta gehien zuten antolakundeak, baizik eta energia handia eta norabide partekatua zutenak. Pasio egoera deitu zioten horri.

Baina lantalde bat egon daiteke energia positiboan, intentsitaterik gabe, erosotasun egoeran, maiz topatu dut testuinguru hau. Txinpartek ez dute su hartzen, ideiak eta aukerak ez dira hartzen. Edo energia handiarekin, baina egoera suntsitzailean. Ikerlarion arabera, arriskutsuena da egoera korrosiboa. Jendeak hitz egiten du, eztabaidatu egiten du, kritikatu. Baina energia elkar higatzeko erabiltzen da.

Ez da negua, baso-sute baten erdian egotea da.

Eta eguraldia ezin dugu erabaki, baina bai gure lantaldeetako giroa. Lidergo kolektiboa ala ez, energia kolektiboa antolatzeko artearekin zerikusia baitu.

Sutearen erdian papera erretzen jarraituko ez badugu.

Bero
Bero | Argazkia: Aran Erasun