OpenAIk Sora 2 sare soziala aurkeztu du: ez da bideoak sortzeko adimen artifizial bat gehiago soilik, sare sozialetako dinamika bera aldaraz dezakeen tresna berria da. Lehen aldiz, edukia ez da sortzaile baten esperientziatik, kameratik edo irudimenetik sortzen, algoritmo batek artifizialki egingo du, eta horrek, edukien ekosistema oso baten eraldaketa dakarkiela dirudi. Adituen ustetan, duen izaera biralarengatik, TikTok edota ChatGPT bera baina azkarrago zabalduko den aplikazioa izango da.
Sora 2ren bidez, OpenAIk sare sozialen negozioan sartu, eta bertan kategoria berri bat sortu du: eduki sintetiko hutsean oinarritutako espazio digitala. Lehenengo aldiz erabiltzaileek ez dituzte beren esperientzia eta uneak partekatuko, adimen artifizialak sortutako errealitate —zerbait esate arren— berriak aurkeztuko dira bertan. Honen atzean, sare sozial berri bat baino, ikuspegi estetiko, bizitza errealean oinarritutako esperientzia eta gizakion emozioen isla izatetik urrun, eduki prediktibo, sintetiko eta artifizialen lehertze baten aurrean gaude. Orduan, noren errealitatea ezagutu edo biziko dugu sare horietan? Noren desirak eta irizpideak elikatuko ditu algoritmoak? Zein eduki mota sortuko dugu?
Teknologia berriak beti ekarri izan ditu harreman-eredu berriak: WhatsAppak mezularitza bidezko harremanak ekarri zituen, Facebookek —eta lehenago beste batzuk— gaur egun sare sozialen kontzeptualizazioa sortu zuten, baina Sora 2ren kasuan, harremanak ideia eta errealitate sintetikoetan jarriko du fokua, erreala izango ez den mundu berrien erakusleiho gisa. Horrek aukera bat ireki lezake sormenerako, baina baita distantzia emozionalaren eta giza-autentikotasunaren krisia areagotzeko ere. Sare sozialetan dagoeneko zaila bazen benetako esperientzia eta fikzioa bereiztea, Sora 2rekin muga hori ia guztiz desagertuko da, eta horrek eragin zuzena izango du gizarte-dinamika berrietan: norberaren irudia, identitatea eta harremanak gero eta gehiago diseinatuko dira algoritmoaren logikaren arabera, eta ez esperientzia pertsonalaren baitan.
Gainera, aplikazio honek “Kameo” sistema dakar: norberaren aurpegia eta ahotsa eskaneatu eta erabil ditzakezu, baita beste norbaitek —oraingoz zure baimenarekin baino ez— ere. Hortaz, norberaren aurpegi eta ahotsarekin edozein motatako edukia sortu ahal izango da, eduki zurienetatik gordinenetara, baldin eta ez bada lehenbailehen zorrotz erregulatzen. Ez da nahikoa gardentasuna edo momentuko erabiltzaile-baimena ematea solik: erantzukizun-marko juridiko eta etiko berria behar dugu, zeinak argi utziko duen nor den irudi, ahots edo eduki fluxu oso baten jabea.
Hurrengo urteetan, AA bidez sortutako edukiek gizakion iruditegi eta irudimena bera kolonizatuko du, eta Sora bezalako tresnek, giza sormena suntsitu eta gizarte-eredu oso baten automatizaziorantz eramango gaituelakoan nago. Irudimen kolektiboa datu-ereduetan oinarrituko da, eta hori, finean, gure emozioak eta desirak ere eduki bihurtzen dituen prozesua sustatuko du.
Azkenik esan teknologiaren garapenak ez duela etenik, baina energia edo eduki horien guztien produkzioak badu muga: energia sortzeko edo ekoizteko dugun gaitasuna. Energia nuklearren inguruko eztabaida berpiztea eragingo du, eztabaida baino gehiago akaso. Prest ahal gaude AAn oinarritutako edukia libreki eta modu masiboan erabiltzaile bezala sortu, baina horretarako energia berria sortzeko nuklearra bezalako teknikak erabiltzera?