Erreferenteak behar ditugu

Mastektomizatutako emakumeen bila dabiltza, elkarrizketatzeko eta euren gaineko azterlan bat egiteko. Deia Izan Inurri minbizi kasuetan formazioa eta dibulgazioa egiten duen elkarteak egin du. Helburua da, diote, datuak lortzea, prozesu horretatik pasa beharko duten emakumeei baliagarri izan dakien. Erreferenteak behar dira, diot nik, bakardadean pasa ohi den trantze latz horri aurre egiteko, beste batzuk ere lehenago bidea egin dutela jabetzeko.

Aurtengo udan ikasi dut mastektomizatutako emakume enpresari batek, Ruth Handler estatubatuarrak, bularreko protesi erosoagoak egiteari ekin ziola 70 hamarkadan, Barbie panpinaren fabrikazioan erabilitako plastikoari beste buelta bat emanez. Ruth Handler famatua egin da uda honetan Barbie panpinaren sortzailea izateagatik. Eta protesia bai ala ez aukerakoa izan daiteke, baina onartuko didazue baduela jolas ikutu bat emakume mastektomizatu batek Barbiren plastikozko bularrak izateak. Panpin-bularra ere izan daiteke bularorde berria.

Barbie pelkulak izan duen arrakastak agerian utzi du mendeetan emakumeek izan dugun beste gabezietako bat: erreferenteen falta. Ia XXI menderarte, eta salbuespenak salbuespen, lanbide bat garatzeko ametsa zeukan edozein neskatok ikusten zuen ez zegoela bere inguruan lan horretan ziharduen emakume profesionalik. Guri gertatu zitzaigun, eta Barbieri gertatzen zaio, mundu errealera joan (spoilerra dagoeneko zilegi da, ezta?) eta, enpresaren, boterearen, osasunaren alorrean emakumerik topatzen ez duenean. Badator bere plastikozko mundu arroxatik, non emakumeak mediku, polizia, albaitari edo irakasle izan daitezken (beti edertasun kanon ortodoxo eta jakin baten barruan), eta tope egiten du gizarte errealarekin, emakume erreferenterik ez daukan errealitatearekin.

Erreferenterik izateke hazi gara emakume gehienak. Izan nahi genuen patroi hori gizonez baino ez zegoen osatuta. Bideak zabaldu behar izan dira eta jarduteko moduak asmatu. Eta erreferenteak azaleratu ahala, neskatoak ahaldundu dira eta ikusi dute amesten zituzten errealitateak eurentzako ere badirela. Azken adibide nabarmen bat: emakumeen futbolaren oihartzuna, futbol eskolak neskatilaz betetzera eraman duena.

Tokatzen zaigu erreferente barik modu indibidualean bidea egin zuten ezkutatutako emakumeak plazara ekartzea. Berria egunkarian Itziar Ugartek abuztuan argitaratu zuen Gerraurreko emakume idazleak kronika beharrezkoak jakinmina piztuta abiatu nintzen Barbie ikusi nuen egun beretsuetan Tene Mujika Debako idazleari buruzko lana irakurtzera, Nekane Goikoetxeak idatzitako Pizkundetik ahazturara: XXI. Mendetik ateratako postargazkiak lan aberatsa. Zein zailtasun izan zuten emakume horiek euren ahotsa entzunarazteko; zein bakarrik aritu ziren gizonezkoen eredu eta patroien artean; eta, egindako lanaren ondoren, euskaraz idaztea euskal letren munduan ia guztia asmatzeko zegoenean, zein itzalean geratu diren XX. mendeko euskal letren ia guztiz maskulinizatuan.

Emakume erreferenteak beharrezko dira gizarte berdinzaleago baterako. Nik behintzat eman dut izena azterlanerako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK