Komunikazio eta lidergo aholkularia

Erregairik gabeko motorrak

2026eko urtarrilaren 6a
Aran Erasun Urtzelaieta

“Egingo dugu”, “helduko gara”, “hasiko naiz”. Helburu, desio eta titular handiz betetzen zaizkigu hasierak, aditzek etorkizuneko forma dutela. Urte hasieran bezala, egitasmo edota ibilbide berrietan hasten garenean aurrera begiratzen du proiekzioak, pentsamenduak. Eta gehitu egiten dira gure agendatan jarduera ezberdinak, eta antolakundeetan plangintza berezituak.

 

Baina aditzak orainaldiko forma ez du hartzen, nahi baino kasu gehiagotan. Ez gara “ari naiz”, “egin dut”, “bagara” horietara iristen, ez dute ibilbidea amaitzen idatziz edota ahoz jasotako horiek. Motibazioaz galdetuko diozue elkarri, eta topatuko dituzue soufflea husten duten zirrikituak. Motibazioa ekintzara bultzatzen gaituen barne edo kanpoko indarra da, eta helburua lortzeko gogoa, interesa edo beharra sortzen digu, eta jarduteko energia ematen.

Azenarioa eta makilaren eragina denok ezagutu dugu, ekintza eragile gisa. Beldurrak eta sariak, lorpenak mugitu gaituzte gure ibilbide pertsonal eta profesionaletan erabakiak hartzera, egitera eta baita ez egitera ere. Galduko dugun ordainsaria, irabaziko dugun egonkortasuna… Baina kanpotik datorren motibazio erregai horrek aldaketa eta berrikuntza faseetarako ez gaitu hainbeste laguntzen, are gutxiago XXI aldakor honetan antolakundeok ditugun erronkei erantzuteko.

 

Daniel Pinkek Motibatzen gaituen horren egia harrigarria lanean barne motibazio edota motibazio "intrinsekoen" inguruko proposamena egin zuen, eta horietan topatuko dituzue egitasmoak denboran irauteko moduko erregaiak. Edo erregai falta. Hiru zutabe aipatu zituen barne motibazioaren motorra piztuta mantentzen dutenak. Lehena, autonomiarena. Gure bizitza eta lana gidatzeko bultzada, gure erabakiez, denboraz eta moduen jabe izatea, lema eramateak erantzule eta engaiatu sentiarazten gaitu.

Euskal Herrian bertan, Bateratzen proiektuak (eragile akademiko, instituzional eta enpresarial askotarikoen sustapenez) 15 urte daramatza pertsonen ongizatea eta antolakundearen errendimendua aldi berean hobetu eta indartu nahi duten antolakuntzak aztertzen. Eta ikusi dute langileen emantzipazioa bultzatzen duten lan sistema parte hartzaileak ezartzeak enpresetan konpromisoa eta asebetetzea %24 handiagoa eta produktibitate ekonomikoa %18 handiagoa eragin dituela. Nola egiten dute? Pertsonek antolakuntzetan duten rol nagusiari balioa ematen dieten bideak garatzen eta inplementatzen, eta horren eragina neurtzen.

Erabakien parte izateak barne motibazioen bigarren zutabearekin harremana ere badu. Hobe egitea, trebeago izatea, bikaintasuna sortzeko eta horretara gaitasunak garatzeko grina. Maisutasuna. Zerbaitetan onak garela sentitzen hastearen plazerak berak mantentzen gaitu zereginean; gaitasunen garapena erregai horrekin mantentzen da martxan. Eta garapen pertsonalari antolakundeek eskainitako formakuntza eta prestakuntza eskaintzarekin lerrokatua dagoenean, irabazi-irabazi puntu esanguratsuetara mugitzen gara.

Baina batzuetan zentzua da falta zaiguna. Zertarako egiten dugu hau? Ekintza, produktu edota emaitza zehatzez harago, zerbait handiagoaren zerbitzura aritzeko asmoak gure lanari zentzua ematen dio, bizitzari bezala. Pinken proposamenean hirugarren zutabea: propositoa. Erregai hori topatu gabe martxan ibili ezin diren motoreak badaude, bereziki berrikuntza gaitasuna ardatzean kokatuta dutenak.

Topatu duzue ze erregai falta zaion motorrari? Bai, badakizue “nola motibatuko dugu gure taldea” galderari zer erantzungo diodan: lankideen barne motibazioak entzun eta topatzeko giharra entrenatu. Hortik eratorriko dira sortu behar ditugun lan testuinguruaren aldagaiak. Motorrek piztuta iraun dezaten.

Edozein kasu, motibazioaren inguruko elkarrizketak iseka hutsa dira oinarrizko beharrak aseta ez baldin badaude. Horretaz kezkatu gaitezke, elikadura eta gutxieneko babesaren abaroa dugun pribilegiatuok. Motorrak ez dira desorekatik sortzen.

Motibatu
Motibatu | Argazkia: Aran Erasun