Erresonantzia-kutxak

Enpresa teknologiko handietan ez da giro azken boladan. Zirko mediatikoaren pista nagusi bilatu dira, eta gaitzerdi hor geratuko balitz guztia. Aitzitik, giroa gaiztotzeko edo izua zabaltzeko aparteko gaitasuna dute, ez baitira alferrik “burbuilak” sortzeko makinaria perfektuak: euforia eta beldurra, eta biak batera, sortzeko gauza dira berez, gure erresonantzia-kutxak astinduta.

Twitterren jabe berria konketa eskuetan zuela sartu zen bulego zentraletara, baina komuneko zulotik behera ari da sobran zaiona baztertzen. Egiaztapen-sistema eta etika-auziak ebasten zituen taldeak lehendabizi eta orain, itxuraz, lanpostuak. Kasu honetan, adierazpen-askatasunaren izenean, zernahi egiteko askatasuna ezarri nahi duela dio. Hara begira ari ginela, baina, industria teknologikoa mendean duten beste enpresa handietan ere hasi dira lanpostu-dantzak. Kanpotik ikusita, dantza soltean baino, koreografia itxura hartzea ez da batere zaila. Musk jaunaren autokrazia kapitalista ez da enpresa teknologiko handietan dabilen arrisku bakarra, mediatikoki deigarriena izanik ere.

Azken krisietako izarrak izan dira enpresa teknologiko handiak. 2008ko kalapitatik eta pandemiaren zulo beltzetik beren errentagarritasuna emendatuta irten ziren, besteak beste, burtsako kapitalizazioari eutsiz eta salmenta zein negozio-dibertsifikazioan burua makurtu gabe. Kantak dioen bezala, ordea, “ez dira betiko garai onenak” eta aurten, etengabeko hazkundearen erritmoa moteldu egin dute. Gutxiago irabazi dute eta hurrengo hilabeteetan gutxiago irabazten jarraituko duten zantzuak daude, eta hortik, diotenez, lanpostuak murriztu beharra. Sistema aseezinaren paradigma dira: galeretara iritsi beharrik ez dago, irabaziak etengabe handitzeari utziko dioten aurreikuspena nahikoa da zirt edo zart egiteko.

Challenger, Gray & Christmas aholkularitza etxeak enpresek iragarri diren edo berretsi diren enplegu-murrizketak monitorizatzen ditu munduan, eta bere azken txostenean dio enpresa teknologiko handien industrian 50.000 langile kanporatu dituztela urtea hasi zenetik. Bizkortu da joera: 9,587 kaleratze izan ziren urriko hamabostaldi bakar baten, eta azaroko kopurua, oraindik itxi ez dena, are handiagoa izango omen da. Sakelean bertan ditugu kaleratze masiboen iragarpenik entzutetsuenak egin dituzten etxeak, horien artean, Estatu Batuetako Big Five deitzen direnak: Alphabet (hau da, Google eta enparauak), Amazon, Apple, Meta (hots, Facebook eta Instagram, besteak beste) eta Microsoft. Agian izen horiek guztiak etxekotzat ditugulako, eguneroko gure bizitzan barruraino sartuta dauzkagulako, beren gaitzen berri jasotzean denok gaixotuko garen beldurra erraz zabaltzen da.

Hamabost bat laguneko enpresa baten zuzendaria da aspaldiko nire adiskide bat eta kexu esan zidan aurrekoan beldurrak airean dabiltzala azken boladan, handiak eutsi ezinik dabiltzala ikusirik, zer etorriko zaien. Bitxia da, gero, bere negozioak ez baitu batere itxura txarrik eta, kontrara, zenbaki eta aurreikuspenak alde dituzte. Hazten jarraitzen dute, eta gehiago haziko lirateke proiektu berrietarako behar eta aurkitzen ez dituzten langile kualifikatuak agertuko balitzaizkie. Alferrik gogoratu diot teknologiaren industria enplegu agregatuaren zati txiki bat besterik ez dela, eta haren inpaktu globala zenbakietara eramanda huskeria izan daitekeela. Langabezia-tasa ehuneko 0,3 puntu baino gutxiago igoko litzateke Interneteko bilaketa-, argitalpen- eta transmisio-guneetan enplegatutako langile guztiak berehala kaleratuko balira ere. Alferrik gogoratu diot teknologiako lan-eskaintzak pandemiaren aurreko mailatik oso gora daudela oraindik. Horretaz guztiaz jakitun da, noski, baina berdin dio: beldurra kutsagarria da, eta geu gara erresonantzia-kutxa astintzen dugunak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK