Pertsonen saileko kidea eta irakaslea

Erreta

2026eko otsailaren 13a
Unai Oñederra Lasa

Jan, edan edota lo egiten dugun gisa, lanera joatea ere egunerokotasunez egin beharreko zeregina dela esan genezake. Lan egitea gogortzat dute askok eta askok, baina, zergatik ote hori? Goiz altxatu beharra, egiteko gehiegi akaso, edota gure denbora merkeegi saltzen ari ote garen sentsazioa, apika. Arrazoiak arrazoi, ez dago esan beharrik ostiralak ederragoak direla astelehenak baino; hala ere, astearen hasiera heldu eta lantokira gerturatze hutsak arnasestua ala gorputz osoko azkura sortzeak badu bestelako esanahirik.

 

Burnout sindromeaz ari gara; lur jota egotearen, buruko minaren, gorputz osoko ezinegonaren, edota aldarte desatseginaren jatorriaz. Beste edozein gaixotasunen sintomatologia ere izan liteke, baina, hain ohikoak diruditen egoera hauek badute euren artean puntu amankomun antzeko zerbait, hau da: lanarekin kokoteraino egotea.

Kausak edonolakoak izan daitezke, egoera bakoitza desberdina baita. Hala ere, badago aintzakotzat hartu beharrekorik ere, izan ere, burnout kasu guztien atzean egoeraren sortzailea izan den gertakariak errepikakorra izan behar du, eta nolabait ere denbora luzez gertatu behar izan da. Zehazki, hiru baldintza horiek lerrokatzean (egoera desatsegina denbora luzean, maiztasun handiz, edota intentsitatez), langileak ahotik sua dariola aritzeko betekizun guzti-guztiak izango ditu.

 

2025. urtean RRHH digital aldizkarian argitaratutako ikerketa batek dioenez, inkestatutako bi langiletik batek burnouta jasaten du, neurri txikiago edo handiagoan. Halaber, laguntza psikologikoa eskatu dutenen kopurua %10 ingurukoa izan da, estigma edota bestelako arrazoiak tarteko. Parte-hartzaileek bat egiten dute egoeraren muina identifikatzerako orduan, lautik batek lan-zama handia aipatu baitu; horrez gain, lanaldi luzeak, lantokian baloratua ez sentitzea, edota soldata eskasak, hurrenez hurren, egon litezke hura eragiten duten faktoreen zerrendan.

Ezin aterabiderik aurkitu, ezin ikusi argi izpirik tunelaren amaieran. Eguna joan eta eguna etorri beti berdina, erremina, inolaz ere ez da atsegina. Ahoa bete-bete eginda, "aldatu lanez" edo "hitz egin egoeraz arduradunekin", horiek izan ohi dira bero-beroan botatzen diren konponbide hutsalak. Erraza da esatea, bai horixe. Aldiz, berdina pentsatuko ote du hiru aho mantendu behar dituen behargin batek lanez aldatzeko esaten zaionean?

Horrek ez du esan nahi aipatutakoak ez direnik. Baina aldaketa gauzatzeko izua sartzen zaio hainbati, beldurra edota ezjakintasuna medio, nahi moduan atera ez eta ondorioak latzak izan daitezkeelakoan. Egoera berberean ainguratuta egoteak horixe dakar, ordea, laba berotan plisti-plasta ibili behar izatea.

Enpresek ere badute zeregina eta zeresana. Enplegatuen osasuna zaintzeko betebeharra duten heinean, eta ez ongizate fisikoa bakarrik, enpresako kide guztien buruko osasunean arreta jartzeko derrigortasuna ere badute. Erreta dagoen beharginak lan-giro desatsegina sortu ohi du, eta horrek aho zapore gazi-gozoa utzi beharko lieke enpresaburuei. Entzun diezaiogun geure barruari berandu izan baino lehen, hau da, erre baino lehen.