Erretiro aurreratua: toreroek bai, hegaldi laguntzaileek ez

Espainiako legedian, gobernuak erretiro-adin arrunta jaitsi dezake, bereziki nekagarritzat, toxikotzat, arriskutsutzat edo osasungaitzat jo diren lanak dituzten lanbide-talde edo -jarduerei dagokienez, baldin eta gaixotze-tasa altuak edo saihestu ezin den hilkortasun-tasa altuak badituzte, eta betiere lanbide edo lan horretan jarduera-aldi jakin batzuk egiaztatzen dituzten langileen alde. Horren ondorioz, %100ko pentsioa kobratu dezakete ohiko erretiro adina baino lehenago.

Gaur egun, honako kolektiboentzako aplikatzen da, erretiro adina gutxitzeko hainbat koefiziente aplikatzen direlarik, kolektibo bakoitzean bere berezitasunekin eta kontutan hartuta zenbat denbora eman den lan horiek egiten:

  • Tren-langileek 60 urtetik aurrera har dezakete erretiroa, baldin eta izaera bereziki arriskutsu edo nekagarriko talde eta jarduera profesionaletako kide badira.
  • Meatzaritzako langileak, kategorien araberako zenbait koefizienterekin (kasurik onenean 52 urterekin).
  • Aire-lanetako hegaldi-langileak: tripulatzaile teknikoak.
  • Torero gisa jarduten diren langileak (kasu batzuetan 55 urterekin).
  • Artistak (60 urtetik aurrera).
  • Gizarte Segurantzako estatutupeko langileak.
  • Itsasoko langileak, ez bakarrik ontziratuak, portuetakok baita ere, zamaketariak adibidez (kasurik onenean 52 urterekin).
  • Suhiltzaileak (kasurik onenean 59 urterekin).
  • Ertzaintzako kideak, udaltzainak, esquadarrako mossoak eta Nafarroako poliziako kideak (kasurik onenean 59 urterekin).

Beharbada ezin da eztabaidatu kolektibo horien eskubidea erretiro aurreratu hori lortzeko; bai, ordea, beste batzuk zergatik ez dauden. Zentzu horretan historikoa da errepide bidezko salgaien garraioa egiten duten kideen erreklamazioa: bere lana ez al da beste kolektiboena bezain latza edo arriskutsua? Kamioi gidari batek 65 urterekin lanean jarraitzeko ahalmenik al dauka? Era berean, eraikutzan dihartuenak.

Badago, baina, kasu larriagorik. Izan ere, hegaldi langileen kasuan, ez da aplikatzen kabinako tripulatzaileentzako (azafatentzako). Esan daiteke pilotuen eta kabinako laguntzaileen erantzukizunak ezberdinak direla. Baina, alde batetik, horregatik dago soldaten arteko alde nabarmena eta, bestetik, kabinako laguntzaileek pairatzen dituzten arriskuak (presio diferentziak, ordutegi eta tenperatura aldaketa etengabeak, jet laga eta abar) pilotoen antzerakoak dira.

Ezin da ahaztu ere kabinako tripulatzaileena kolektibo feminizatua dela, eta aire tripulatzaile teknikoak, aldiz, oso portzentaje altuan, gizonezkoak.

Horren harira aste honetan bertan argitaratu da sindikatuek Europako Batzordean salatu dutela egoera hori, diskriminazioa leporatuta gobernuari.

Ikusi beharko zein ibilbide edukiko duen salaketak. Bien bitartean, ezin dut burutik kendu gaztetan berbenetan entzuten genuen abestia: “yo quiero ser torero....”

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK