Errotzea modan, ideia berritzailea ez izan arren

Azkenaldian, hainbat foro zein hedabidetan asko hitz egiten da errotzeaz, eta, zehazki, enpresen eta enpresa-proiektuen sustraitzeaz. EnpresaBIDEAk berak ere, gai hau hizpide izan du orain aste batzuk, hegoaldean sortu berri den funts baten ekitaldiaz hitz egiterakoan.

Hego Euskal Herrian ditugun enpresa guztien artean, %85 familia-enpresak dira. Enpleguaren %60tik gora sortzen dute, eta geure Barne Produktu Gordinaren erdia hauei esker sortzen da. Hori guztia gutxi ez izanda, Inbonis Rating aholkularitzak, Familia-Enpresen Institutuaren bitartez, orain egun batzuk ezagutzera eman duen txostenaren arabera, familia-enpresek familiakoak ez direnak baino sendotasun finantzario handiagoa dute.

Edonola, hainbeste darabilgu azken aldian, terminoa bera modan jartzea ere lortu dugula eta batzuetan, kontzeptu berritzailea balitz bezala erabiltzen dugu. Bada, errealitatetik oso urrun dagoen erabilera da hori. Geure adinekoek, aititek eta amamek aspalditik ezagutu eta askotan bizi izan duten gaia da. Horren adibide, baserriaren instituzioa da. Hura bai, “errotzea”.

Instituzio horren bidez, oinordeko bakarrak (gehienbat anaia nagusia) oinordetzan hartzen zuen baserria, ustiapen ekonomikotzat hartuta, hainbat oinordekoren artean banatzea saihesteko. Horrekin jarraipena ziurtatzen zen. Ohitura hori idatzita eta dokumentatuta dago XVI. mendetik gutxienez Gipuzkoako landa-eremuetan.

Bizkaiko lurraldean, gutxienez 1.452 urteko foru zaharretik hitz egin genezake oinordekoaren hautapen libreaz eta "bazterketez". Figura edo instituzio honi esker, derrigorrezko oinordekoetako bat aukeratzea ahalbidetzen zen besteak baztertuz. Arabaren kasuan, Aiarako foruaz eta haren xedapen-askatasunaz gauza bera esan liteke. Antzeko terminoetan ere, Nafarroako Foru Orokorra eta "Nafar Etxeari" lotutako testamentu-askatasuna, zeinean "legitima" formala, sinbolikoa eta ondare edukirik gabekoa zen.

Erakunde horiek guztiek, eta estatu mailan dauden beste batzuk, aspalditik erakusten digute ustiapen ekonomikoen jarraitutasunari eta sustraitzeari buruzko kezka. Kezka eta irtenbide guzti horiek, sortu eta garatu ziren garaian kokatu beharko genituzke behar diren bezala aztertzeko.

Gaur egun, praktika horietako batzuk erabilerarik gabe geratu ahal izan dira, eta banaketa desberdin batek gainditu ditu. Bidezkoagoa ziur aski, seme-alaba guztiek jaraunspenaren banaketan termino baliokideetan parte hartu behar dutelako.

Praktika berri hauek eragin zuzena dute enpresaren jabetzan, haren egonkortasunean edo ezegonkortasunean, eta, azken batean, haren errotzean eta jarraitutasunean. Gure nagusiek arazo hori guztia saihesten zuten, oinordeko bakar bat aukeratzearekin kontrajarritako interesak agertzea saihestuz.

Ez dut aurrekoa defendatu nahi, gaur egun nagusi diren praktikak bidezkoagoak direlako. Hori esanda, garai haietan begirada ondo kokatua zutela uste dut. Bazekiten saihestu beharrekoa, zatiketa eta gatazkak zirela. Beste kontu bat litzateke, horretarako aukeratu zen bidea. Edonola, hura gabe, egun ez genuke izango daukaguna. “Izan zirelako gara eta garelako izango dira”.

Esan dugun bezala, gaur egun, beste praktika batzuen alde egiten dugu. Gehienetan enpresa baten jabetza partekatua izango da: belaunaldi eta ikuspegi ezberdineko pertsonekin. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da jabetza, gobernantza eta enpresa-proiektuarekiko lerrokadura egoki lantzea eta kudeatzea. Hor jarri behar ditugu gure indarrak eta hori landu behar dugu negozioaren hazkundea eta garapena lantzen ditugun bezala.

Errotzea eta sustraitzea, alor askotatik datoz: enpresa ekosistema ona edukitzetik, azpiegitura onak eta finantza sektore sendoa edukitzetik, eskualde lehiakorra izatetik, administrazioen laguntza edukitzetik, laguntzen duen fiskalitate egokitik, unibertsitate eta zentro teknologiko onak edukitzetik, beharrezkoa dugun talentua mantendu eta erakartzetik, edo finantza-baliabide berrien eskuragarritasuna sustatuko duten funts berriak agertzetik. Horietako bat, Elkargik, Kutxabank eta Finecorekin sustatutako `Bidegiñ´ funtsa.

Horren guztiaren arabera errotze maila bat edo beste lor daiteke. Dena den, enpresari dagokionez, aipatutako ia kontu guzti horiek ez daude enpresaren esku soilik. Hein handi batean beste eragile batzuen eskuetan baizik.

Enpresak berak landu dezakeena eta egin behar duena, jabetzaren eta gobernantzaren alderdiak dira. Horiek dira bere eskuetan daudenak. Funtsezko zutabe direnak. Horretaz mintzatuko gara, datorren martxoaren 15ean Elkargitik antolatu dugun jardunaldi profesionalean. Hori gabe nekez ziurtatuko dugulako geure enpresen errotzea, terminoa modan jarri badugu ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK