Nazioarteko ordena aldaketa nabarmena ikusten ari garen egunotan, nire lehen iritzi-artikuluarekin atal honetan estreinatzeko buruan nenbilkien gaia inoiz baino gaurkotasun handiagoz datorrela uste dut; bai, nik ere adimen artifizialaz aritu nahi nuen, baina batez ere demokraziarekin duen uztar-gune horretaz. Alegia, gure bizitzako esparru guztiak hartu dizkigun teknologia honek demokrazia sendoagoa eraikitzeko duen potentzialaz.
Hortaz aritu ginen, hain zuzen ere, berriki Ameriketako Estatu Batuetan parte hartu nuen Demokrazia eta ekonomia justua Adimen Artifizialaren aroan izeneko konferentzia batean, Yale Unibertsitatean, New Yorketik gertu. Unibertsitate hori munduko unibertsitate onenen zerrendetan agertzen da, elitista egiten duten ezaugarri multzoarekin: sarbide-irizpide zorrotz eta esklusiboak, mendeetan eraikitako prestigio instituzionala, bikaintasun akademiko paregabea eta mundu mailako botere-egituretan eragin zuzena duen ikasle ohien sarea. Agerikoa zen hori konferentzian parte-hartzaileen zerrenda ikusita: enpresa teknologiko nagusietako punta-puntako profesionalak (MIT, OpenAI, Google, Microsoft), goi mailako estatubatuar pentsalariak, eta unibertsitate eta ikerketa-zentro nagusietako ikertzaile eta ordezkariak. Guztiek ahotan zituzten, besteak beste, politikak informatzeko eta gizartearen arreta erakartzeko eskala handiko adimen artifizialean oinarritutako plataformak, herritarren lehentasunak jasotzeko hizkuntza-eredu handien sistemak, deliberazio digitaleko prozesuak, adimen artifizialak eskatzen dizkigun hezkuntza-erreformak, balio etikoak, ekonomia-eredu berriak eta demokrazia.
Konferentzian gure ekarpena, berriz, Euskal Herriak lankidetzan, enpresa-eredu kooperatiboetan, kultura demokratikoan, adimen kolektiboan eta berrikuntza demokratikoan duen tradizio sendoa partekatzea izan zen, gurea bezalako lurraldeetan gertatzen ari diren esperientzietan oinarrituta. Eta batez ere, esperientzia horiek sostengatzen dituzten balioek, gaur egungo erronka teknologiko eta geopolitikoei erantzuteko modua nola gidatu dezaketen hausnartzera gonbidatu genuen nagusiki amerikarrez osatutako entzuleria.
Estatu Batuetara noan bakoitzean eskalaren kontua izaten dut presente: txiki sentitzen da bat beti han, zentzu askotan. Ildo horretan, hausnarketarako galdera hau egin nien balio demokratikoez eta demokrazia sendotzeaz ari ginela: “zein eragin-ahalmen erreal dute gurea bezalako herriek, munduko potentzia nagusiak eta joera globalak guztiz kontrako norabidean doazela dirudienean?"
Eragin ahalmen hori areagotzeko baditugu etorkizun demokratikoago eta bidezkoago bat eraikitzeko esperientziak, balioak, eta egiteko moduak, gure eskala txikian bada ere. Baina une honetan, ezin dugu albo batera utzi teknologia berriek, eta ezinbestean adimen artifizialak, bide horretan egin dezaketen ekarpena. Eta iruditzen zait horrek eskatzen dituela herri estrategia bat, ikuspegia, anbizioa eta aliantza sendoak adimen artifizialaren potentziala esparru sozial horretan ere txertatzeko. Teknologia berriak barne hartzeko inbertsioak beste esparruetan gauzatu diren bezala (industrian, informazio eta komunikazio sektorean, edo esparru zientifiko-teknikoan kasu), haien gaitasun eta eragin ahalmena gure sistema demokratikoak sendotzeko jauzi kualitatiboa emateko ere baliatzea ez legoke gaizki.
Edonola ere, argi geratu da une historiko erabakigarrian bizi garela, eta gure txikitasunean bada ere, guk egingo ditugun hautuak —intelektualak, politikoak, instituzionalak, teknologikoak zein etikoak — izango direla, gurean, behintzat, demokraziaren norabidea definituko dutenak.