Eskas

Gure ikastetxean datorren urtean lehen aldiz Ekonomia eta Ekintzailetza emango dute hainbat ikaslek. Egun hauetan modalitateko gaiak eta hautazko ikasgaiak aukeratu behar izan dituzte lehen aldiz. Erabakian laguntzeko, ikasgaia zertan datzan azaltzera joan natzaie. Oso antzera azaldu ohi diet kontua urteto lehen aldiz "ekono" ikasi edo ez pentsatzen ari diren hamalau edo hamabost urteko ikasleei:

- Gela honetan ba al dago dirutzaren baten oinordekorik? —Gutxi batzuk isilik geratzen dira. Gehienek barre egiten dute ezetz erantzuten didaten bitartean—. Ederki. Beraz Borboirik ere ez?

Hor jada barrea orokortzen da, eta beste era batera hitz egin dezaket haiekin, zuzenago.

- Beraz, lan egin beharko duzue etorkizunean. Eta enpresa edo erakunde publiko edo pribaturen batentzako egingo duzuela uste duzue? Edo familiako enpresaren bat daukazue? Ala agian enpresa bat sortuko duzue zuek zeuek?

Eskua jasoarazten diet haien etorkizuneko usteen arabera.

- Eta badakizue nola egiten den? Orduan banku kontuak beharko dituzue, aurreztu, agian momenturen batean maileguak… Badakizue ezer horri buruz? Zer hartu behar duzuen kontuan erabaki horiek hartzean? Badakizue bankuek nola funtzionatzen duten?

Galderak metraileta batek bezala botatzen dizkiet, tartean pentsatzen utziz eta haien artean pizten diren elkarrizketekin gozatuz. Polita da oraindik haien irakasle ez zarenean, notarik jarri behar ez diezunean eta elkarrizketa egiazko kuriositatetik abiatzen denean.

- Eta badakizue zein sektoretan? Badakizue zeintzuk diren gure herrian lan egingo duzuen sektore horiek egoerak? Eta ordaindu beharko dituzuen zergak? Eta zertarako erabiltzen diren zerga horiek? Eta zeintzuk izango diren etorkizunean ekonomiaren erronkak?

Normalean ezezko asko eta sormen handiko erantzun batzuk jasotzen ditut. Ondorioa beti antzerakoa da: orduan hori guztia ikasi ahalko duzue ekonomian.

Gurasoak metalaren grebetan izan dituztenek gai zehatz batzuekin altxa ohi dute burua: zergak, zerbitzu publikoak, lan kontratuak, hitzarmenak... Enpresa izendun abizenak dituztenek mozkinez, akzioez eta inbertsioez ari naizenean jartzen dute bereziki arreta eta erantzuten dituzte galderak. Guztiekin disfrutatzen dut.

Orain arte ez zait oinordekorik, criptobrorik edo Borboirik suertatu, munduan zehar, batzuk baita gure artean ere, egon badaudela jakin arren. Oparotasun hori ere, egon badago, baina ez gehienontzat. Gero eta gutxiago gehienontzat.

Aberastasun monetarioa sortzearen izenean bizitzarako ezinbestekoak diren bestelako gaiak irensten dituen sistema ekonomikoan gaude: lan (eta bizitza) orduak, osasuna, natura, aisia, atsedena, harremanak… Baina ordainetan eskasia dugu. Ur eskasia eta horrek lotuta dakartzan gainerako eskasia guztiak. Kontziliaziorako denbora eskasia. Lana izan arren ongi bizitzeko lain ematen duten lan baldintzen eskasia sektore askotan. Ekoitzi eta kontsumitu nahi dugun guztirako baliabide eskasia. Sortzen ditugun hondakinak jasotzeko planeta eskasia. Beste bizpahiru behar ditugu.

Ekonomia giza beharrak asetzeko baliabideak nola kudeatzen diren edo kudeatu behar diren aztertzen duen zientzia bada, orduan oraindik ikasteke dugun ikasgaia da. Eta hemen nota argi xamar dugu: eskas.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK