Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Eskasiaren beharra

2026ko maiatzaren 18a - 05:30
xabi murua 2022

Gradua amaitu eta kooperatiba bat sortzea erabaki zuten ikasle ohi batzuen bidelagun izaten ari naiz. Noizean behin elkartzen gara, zalantzak argitu eta estrategiaz aritzen gara. Kanpoko begirada bat ondo datorkigu enpresetan, barrutik ikusten ez ditugun norabideak planteatu eta erabakitzen laguntzeko, bederen. Esperientzia berri honetan, enpresa bat ekiten dugunean eskasiaren kudeaketa bikainaz ohartu naiz: zein gutxirekin zenbat egiten dugun. Magia dirudi. Baliabide urria, denbora mugatua, esperientziarik apenas... eta halere, enpresa bat martxan jarri, bezeroak lortu eta errealitate bilakatzeko dugun gaitasunak harrituta nauka. Inbertsio gabeko enpresa berriak, ekintzaileen izaeragatik ziurrenik, eskasia mentalitatearekin jaio ohi dira. Hurrengo lerroak horri eskaini nahiko nizkioke: eskasiaren mentalitatearen bertuteari.

 

Eskasia hitzari konnotazio negatiboa topatzen tematzen gara beti, baina egoera eta testuinguruaren arabera, askotan bertute bikaina da. Abundantziak erosotasuna dakar, erosotasunak inertzia, eta inertziak, deskontrola eta foku galera. Ekintzaile garenean, ordea, beharrak eta eskasiak burua argitzen digu. Ez dago besterik aukeratzerik: asmatu ala hil. Horrela, inbertitzen dugun ordu bakoitzak bere pisua du, erabaki bakoitzak bere ondorioa, eta euro bakoitzak bere zentzua. Ez al da horrela errazagoa? Garbiagoa? Errealagoa?

Zergatik utzi mentalitate hori albo batera gauzak ondo doazkigunean?

 

Enpresak hazi eta ondo bidean doazenean, dirua erraz banatzen hasten gara eta kontrolak arintzen. Salbuespen ziren gastuak —kapritxoak, luxuak, alferrikako gastuak— ohiko bihurtzen dira pixkanaka. Ordea, marjinak hazten ari dela uste dugunean, kostu txikiagoekin edo egitura arinagoekin lehiatzen dakiten lehiakide berriak agertzen dira eta lehiakortasuna kolokan jartzen dute. Prezioek ez dute gehiago sostengatzen balioa. Produktua benetan diferentziala ez bada, ezin da sektoreko batez besteko kostuen gainetik egon. Eta orduan iristen dira korporazioetako murrizketak eta CEO aldaketak. Errudunak bilatzen hasten gara, inefizientziak topatzen saiatzen eta erabaki drastikoak hartzen. Xahutze mentalitatea aplikatzen hasten gara, eta horrek lehiakortasuna ahuldu besterik ez du egiten. Enpresa hasi zeneko sortzaileen eskasiaren mentalitatea, eta kultura azken finean, galdu egin da, eta egiturazkoak bilakatu diren pribilegio eta luxuzko gastuak kentzea garestiegi bilakatzen da. Egoera horretan, eskasiaren mentalitatera itzultzea zaila da, dirurik ez bagenu bezala lan egitea oso gogorra baita.

Enpresak ondo doazenean “onenak” fitxatzeko tentazioa sortzen zaigu. Askotan beste enpresa handietako zuzendariak dira, ibilbide ikusgarriak eta soldata altuak dituztenak, eta abundantzia egoeran lan egitera ohitu direnak. Ekintzaile izaten jarraitzeko mentalitatea behar da, gutxirekin gehiago egiteko gaitasuna, lehentasunetan aritzeko ohitura eta, batez ere, inertziaren kontrako jarrera etengabea. 

Arrandia kutsakorra da, eta eskasiak gehiago laguntzen du oreka bermatzen, ugaritasunak baino. Gizentasun korporatiboa gure gorputzetakoa bezain kaltegarria da. Kasu horri!