Batzuetan erabaki bat hartzea baino askoz zailagoa da erabakitakoari uko egitea. Hasteko entrenatzen dugu gure burua: harreman berri bat hasteko, proiektu bati ekiteko, zerbait berria hasteko, baina askoz gutxiago —edo ia batere— landu ohi ditugu ezinbestean iritsiko diren itxierak. Behar bezala ixtea arte bat da, gure artean gutxi praktikatzen dena. Amaierak luzatu egiten ditugu nola itxi ez dakigulako eta horrela, erruez eta damuez inguratuta, azken hitzak zelan esan asmatu ezinik, ikasi eta gozatutakoari behar zaion aitortza egiteko aukera galdu egiten dugu.
Nola bizitzan hala enpresan, une giltzarria iristen da zerbait amaitu behar duzula erabakitzen duzunean. Zailtasunak zailtasun, momentu zehatza noiz iritsi den erabaki behar da. Kodaken adibidea paradigmatikoa da: bere negozioaren iraganeko arrakastaren loriak itsututa, uko egin zioten etorkizuneko negozioari. Kodak-ek argazkilaritza digitala asmatu bazuen, baina film tradizionalen negozioarekiko atxikiegi zegoen urrats berriak egiteko. Garesti ordaindutako ikasgaia izan zen: garaiz ez askatzea, porrotaren aurrekaria da.
Atzera begiratuta erraza da esatea, baina erabaki horiek ikuskizun den balizko etorkizunaren inguruan hartzen dira, beraz, zailak edo oso zailak dira. Zein den momentu egokia apustu egiteko edo apustua erortzen uzteko. Noiz inbertitu —nola enpresan, hala bizitzan— eta noiz eskertu eta askatu. Heldutasuna behar da, puntu horretan asmatzeko, ez baitago betirakoa den ezer. Leialtasuna ez da erabaki, proiektu edo pertsona batekiko: norberari zor zaio.
Industria Plan berria aurkeztu den honetan, "eskertu eta askatu" formula horretaz pentsatu dut dezente. Askotariko erronken aurrean gaudelako, aurrera begiratu behar da, etorkizuneko errepidea ezin baita atzerako ispilutik ikusi. Zerbait egiteari utzi beharko diogu, egiten jarraitu ahal izateko. Ez da ikaspen berria gurean, noski. 1980. hamarkadako industria-eraldaketa adibide argia da, orduan ere, ziurgabetasuna handia izanik, apustu estrategikoak egin behar izan zirelako, eta ez zen ez erreza ez erosoa izan. Eraldaketa hura dolu kolektibo bat izan zen, ordura arte gure ekonomiaren eragile nagusi izandako sektoreei —ontzigintza, siderurgia, meatzaritza— agur esan behar izan genielako eta horrekin, drama pertsonal eta kolektibo ikaragarria sufritu genuen. Gure identitatearen parte izan zen eredu hura, baina ezin izan zion gehiago globalizazioaren logikari eutsi. Itxiera mingarriak izan ziren, bai baita askatzaileak ere. Izan ere, horiei esker, ekonomia egiazki berritu ahal izateko bidean abiatu zen euskal industria, espezializatuz eta dibertsifikatuz: berrikuntzan, ezagutzan eta zerbitzu aurreratuetan oinarritutako industria-ehuna garatzen hasi ginen. Gakoa askatzea izan zen (eta agian gure buruari galdetu beharko genioke behar bezala eskertu ote dugun gure ondare hori, benetan ikasi ote dugun).
Arrakasta eta emozio handiz abian jarritako proiektuek ere beren ziklo estrategikoa agortu egiten dute eta zama bilakatzen dira halako baten. Eredugarri izan ziren lantegiek ezin izango dute ekonomia berriaren baldintzak bete; merkatu-kuota handia eman duten produktuez ere nekatu egiten dira kontsumitzaileak. Nola jakin une horrekiko gertu edo gertuegi gauden? Nola jakin une horretantxe gaudela jadanik? Ez dago formula magikorik, baina arrisku batzuk saihesteko, zaintza estrategikoko sistema sendoak izatea ezinbestekoa da, inguruko seinaleak garaiz interpretatzeko tresnak, errutinak eta gaitasunak. Salbuespenak salbuespen, aldaketak ez dira bat-batekoak izaten, eta erne egonez gero, seinaleak aditu daitezke entzuteko prest eta prestatuta bagaude. Galdera deserosoak egin behar dizkiogu gure buruari eta erantzunak beren gordintasunean onartu.
Etapa bat ixtea ez du zertan porrota izanik, aurrera egiteko ezinbesteko urratsa izan daiteke gertatutakoa benetan ulertu eta eskertzen bada: eskertu eta askatu, aurrera egiten jarraitzeko, baliabide gehiagorekin, energia berriarekin, eta sinesgarritasun gehiagorekin. Zerbait edo norbait eskertzen dugunean, askatzeko prest gaude. Eta zerbait edo norbait askatzen dugunean, gu geu ere askatu egiten gara.
Nola bizitzan hala enpresan, gure hiztegian bi hitz hauek txertatzeak alde handia egin dezake: eskertu bizi izan duzuna, eta askatu bizitzen uzten ez dizunaz.