Azken aste hauetan, lankideekin zein ikasleekin partekatu ditugu komunikabideetan argitaratu eta sareetan zabaldu diren euskararen inguruko zenbait albiste eta hausnarketa esanguratsu. Esate baterako, Korrikaren 24. edizioaren inguruko edukiez hitz egin dugu eta nabarmendu da Euskara gara leloak transmititzen digun mezua: komunitate anitza, askea eta irekia gara; bertan, pertsona bakoitza funtsezkoa da, eta guztion aktibazioa beharrezkoa da euskarak indarrez aurrera egin dezan. Euskara gure arnasa da; zubiak eraikitzen dituen hizkuntza, eta denok elkarrekin biltzeko eta lotzeko gaitasuna duena.
Goikoarekin lotuta, helduen euskalduntzea erdigunean jarri da azkenaldian. Euskararen unibertsalizazioa lortzeko, oraindik ere hizkuntza-politika ausartak eta baliabide sendoak behar ditugu. Testuinguru horretan, EAEko Legebiltzarrean berriki egindako eztabaidan, bi neurri garrantzitsu bota dira atzera: alde batetik, helduen euskalduntzearen doakotasuna B2 mailara arte hedatzea, dirua aldez aurretik ordaindu eta mailarik gainditu beharrik gabe; eta, bestetik, sektore pribatuko langileei lanorduetan ikasteko erraztasunak ematea.
Euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten gazteen egoerak kezka sortzen dit. Eskolan ikasteko aukera badute ere, baliabideak nabarmen handitu beharko lirateke. Baliabide ekonomiko urriko familien kasuan bereziki, ez da erraza euskara ikasteko aukera izatea; eta gure inguruan oso ugariak dira. 16 eta 18 urte bitarteko gazteek, esate baterako, dirua aurreratu behar izaten dute euskara eskolatik kanpo ikasi edo indartu nahi izanez gero, eta hori sarritan oztopoa izaten da. Are murritzagoak dira aukerak 14 eta 16 urte bitartekoentzat. Atzerritik etorri eta A ereduan ari diren gazte ugari ezagutu ditut, euskaltegian matrikulatzeko aukerarik ez dutenak. Era berean, D ereduan ikasten duten gazte askok -bai EUSLE programan daudenek, bai programa amaitu ondoren eskolatik kanpo ikasten jarraitu nahi dutenek- antzeko zailtasunak izaten dituzte.
Bestalde, “Zein da eskolaren helburua, euskarari dagokionez?” izeneko artikulu mamitsuan Kike Amonarrizek nabarmendu du ikastetxeen eta irakasleen eginkizun nagusia ez dela soilik euskaraz irakastea, hiztun aktiboak sortzea baizik. Bat nator planteamendu horrekin. Zailtasunak zailtasun, ezinbestekoa da ikasleei euskararen aldeko jarrera proaktiboa erakustea eta transmititzea, hiztun aktiboak lortzeko. Horretarako, funtsezkoa da hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa: klaustroen, gurasoen eta familien zereginak ezinbestekoak dira prozesua aurrera atera dadin. Baina, eskolako lana ez da nahikoa; hiztun aktiboak sortuko baditugu, nire ustez funtsezkoa da eskolatik kanpoko jarduera guztietan ere euskaraz eroso aritzeko aukera izatea: aisialdian eta kirolean ez ezik, eguneroko gainerako zereginetan ere -erosketetan, harremanetan, zerbitzuetan eta komunitateko bizitza sozialean- euskaraz bizitzeko aukerak bermatu behar dira. Euskara, azken finean, ez baita soilik eskolako kontua. Eskoletatik harago, euskarak mundu oso bat behar du.
Hiztun aktiboak sortuta ere, eskoletatik haragoko eszenatoki guztietan ez bada euskaraz jarduteko aukera erreal eta erosoa eskaintzen, ez gara eraginkorrak izango. Horregatik, hezkuntzatik harago, gainerako sektoreek helburu adostu eta argi bat izan beharko lukete: euskaraz eroso eta normaltasunez jarduteko ekosistema naturala eta iraunkorra sortzea. Eta hori ez da esaldi polit bat; eguneroko harremanen kalitatea baldintzatzen duen errealitatea da.
Egunotan, hautsak harrotu ditu Argiak plazaratutako “Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean?” ikerketak. Lan horrek argitu du zein eragile dauden administrazioetako lan eskaintza batzuetan euskara eskakizunen aurka aurkeztu diren helegiteen atzean. Sareetan sortu diren eztabaida sutsuek garai zaharretako argudioak ekarri dituzte gogora eta, berriz ere, herritarrak bigarren mailan jarri dituzte administrazioen zerbitzuak jasotzerakoan. Argi dago administrazioan lan egiteko baldintza batzuk bete behar direla eta ez dugula lanpostu guztietara aurkezteko aukerarik izaten, baldintzak betetzen ez baditugu. Hala ere, askotan nahastu egiten dira lanerako eskubidea eta administrazio publikoan lan egiteko eskubidea; administrazio publikoan lan egiteko eskubidea ez baita existitzen bere horretan. Eta bitartean, herritarrok ezin dugu beti gure hizkuntza hautatu, zerbitzu askotan euskaraz artatua izateko aukerarik gabe geratzen baikara, Behatokiaren urteroko txostenetan azaltzen den bezala.
Euskararen etorkizunaz jardutean, askotan hezkuntza jartzen dugu erdigunean, baina hizkuntza baten benetako bizitasuna ez da soilik ikasgelako lau pareten artean erabakitzen. Eskolak oinarriak ematen ditu, hiztun aktiboak sortzen lagunduko du, baina euskarak benetan arnasa hartzen du gure eguneroko bizitzako espazioetan: kalean, kultur jardueretan, dendetan, lanean eta administrazioarekin ditugun harremanetan. Azken batean, hizkuntza batek bizirik iraungo badu, eguneroko praktikan eta harremanetan behar du lekua; ez soilik curriculumetan, gure komunitatearen bizitzako eremu guztietan baizik. Hizkuntzaren erabilera ez da berez sortzen; elkarrekin eraikitako baldintza sozial, antolatu eta partekatuak behar ditu bizirik irauteko eta indartzeko. Euskara beharrezko egin behar dugu esparru guztietan eta horretarako neurriak behar ditugu. Behar izanez gero, malgutasunez jokatu dezakegu, baina ezinbestekoa zaigu euskara, gure arnasa baita.