Lovable izeneko aplikazio batek esaldi bakarrean eraiki nahi duzun webgune edo atari digitala azaldu eta automatikoki gauzatzen du. Anekdotiko izatetik urrun, albiste izateari utzi eta lanaren antolaketa errotik aldatzen ari den joeraren adierazle bihurtu da, Europa eta mundu mailan. Garai batean, produktu digital bat garatzeko, gutxienez hiru edo lau lagun behar ziren: diseinatzaileak, frontend eta backend garatzaileak, produktu-kudeatzaileak eta agian sistemak garatzeko espezialista bat. Gaur egun, ordea, pertsona bakar batek, adimen artifizial egoki bat —Lovable kasu— erabilita, arratsalde batean erabilgarri izan daitekeen prototipo bat sor dezake. Buruan izan dezakegun produktu bat ideiatik errealitatera eramateko behar den denbora minutu gutxira laburtu da, eta horrek lanaren antolaketa ulertzeko moduak kolokan jarri ditu.
Enpresa askotan, produktu berriak sortzeko prozesua diseinatzaileen eta ingeniarien egutegien baitan oinarritzen da. Talde osoa produktua eraikitzeko edo hobetzeko ideiak pilatzen doa, excel batean sartzen ditu, baina baliteke hilabeteetan jaramonik ez egitea garatzaileen denbora falta dela eta galdutzat emanda. Orain, Lovable bezalako tresnek edonori ahalbidetzen diote prototipo erabilgarriak sortzea, ordu batzuetan ideiak balioztatu eta garapena bizkortzeko. Oraindik ez da gizakiak ematen dioen emaitza emateko gai, baina bai lehen pauso edo produktu funtzional bat, eta horrek produktua eraikitzeko aukera eman die ekintzaile askori. Horrek ez du soilik produktuen sorrera bizkortzen: taldeetan ideia gehiago esploratzen dira, benetan inbertitzea merezi duten ideiak lehenago detektatzen dira eta merkaturatu aurreko balioztatze prozesuak erraz egin daitezke. Enpresa txiki bat abiatzea hilabetetako garapen zikloen menpe egongo litzateke gehiago, eta AA tresnei entrenamendu eta denbora falta bazaie ere, teknologia garatzailerik gabeko enpresak sortzeko aukera eskaintzen ari da jada. Ez da aspaldi, enpresa bat irudikatzean bulego batean lan-talde bat irudikatzen genuena; gaur egun, ordea, horren guztiaren ordez, pertsona bakar bat eta ordenagailu bat nahikoa izan daitezke enpresak eraikitzeko. Ez da metafora, errealitatea da.
Eta ez dira kasu isolatuak. Dagoeneko milaka sortzaile ari dira beren kabuz enpresa funtzionalak martxan jartzen: webguneak sortzen, datu-baseak integratzen, landing page-ak testatzen eta milaka bezerori zerbitzua eskaintzen. Ez da tresna bakar baten magiatik eraikitzen soilik —ChatGPT, Lovable, Midjourney, Make, Framer, Supabase…—, horiek guztiak elkarrekin erabilita sortzen den ahalmen berria baizik. Tresna multzo autonomo honek, sortzaileari esku bakarrean plangintza, exekuzio eta zerbitzu-emate gaitasunak eskaintzen ari zaizkio.
Lanaren banaketa historikoki funtzioaren arabera antolatu izan da: diseinatzaileak alde batetik, programatzaileak bestetik, produktuak koordinatzaileak ere bazeuden, eta abar. AA tresnek, ordea, rol horiek tresnetan kapsulatzeko gaitasuna izan dute, eta horrek funtzioen gainjartzea ekarri du, lanaren kontzeptua erradikalki irauliz.
Honek guztiak paradigma berri bat dakar: “ni naiz enpresa”. Marka bat eraiki, komunitate bat sortu, bezeroekin harremanak garatu eta fakturazioa kudeatu. Lehen talde baten eskumen esklusiboak ziren zereginak, gaur egun norbanakoaren esku egon daitezke, soluzio egokiak eta gaitasun digital eguneratuak izanez gero. Enpresa handi batek eskaintzen duen zerbitzu bera —askotan are azkarrago eta pertsonalizatuago— pertsona bakar batek eskaini dezake.
Honek guztiak prestakuntzan alfabetizazio digital berri baten beharra agerian uzten du. Hemendik aurrera, ideia bat produktu edo zerbitzu bihurtzeko beharrezko denbora eta ibilbidea guztiz bestelakoa izango da. Ezagutzen duzu esku bakarreko enpresarik?