Eskupekoaren borondatea desagertzeko arriskuan?

Oporretako itzulera gogorra izaten da, baina asteburua bertan dago eta ez dago plan hobeagorik jatetxe batera bazkaltzera joatea baino. Baina jatetxe batean bazkaldu nuen azken aldian susto txiki bat izan nuen eskupekoarekin. Jatetxeak zuzenean tiket berean proposatu zidan zenbat eskupeko eman nezakeen.

Lehen erreakzioa harridurazkoa eta sinesgaitza izan zen, jatetxeak eskupekoa iradokitzeko duen beharra edo arrazoia ez nuelako ulertzen. Prezioak ez al dira egokiak gastuak ordaintzeko eta irabaziak izateko? Zergatik onartu behar du bezeroak eskupeko proposamen hori? Noiz utzi diote eskupekoek esker oneko keinu izateari?

Eskupekoa Europako tradizioa zen, eta esaten dutenez Ingalaterran sortu zen XVI. mendean, apopiloek dirua uzten zietenean anfitrioien enplegatuei, sortzen zieten lan gehigarria konpentsatzeko. Tradizio hori hainbat kontinententetara hedatu zen, eta garai batean soldata gisa erabili ohi zen. Baina jatorritik aldatu ez den zerbait bada: praktika horrek beti kritikak jaso eta eztabaida sortu du gizartean.

Eskupekoa norbaiti zerbitzu on bat egiteagatik eskertzeko edo saritzeko borondatez ematen den dirua da, baina borondatezkotasuna herrialde batzuetan baino ez da. Izan ere, Alemanian edo Suedian eskupekoa nahitaezkoa da, eta tiketean sartuta egon ohi da. Gero kasu ezagunena dugu, hau da, Estatu Batuena: eskupekoa derrigorrezkoa ez bada ere, kultura hain barneratuta dago, non ez ematera ausartzen dena epaituta sentitu daitekeen. Gainera, azken kasu horretan, langile askok eskupekoei esker bizirauten dute, soldataren zati finkoa baitira.

Guztiz kontrako kasuak ere aurkitu ditzakegu. Adibidez, Japonian gai tabu bat da. Are gehiago, eskupekoa iraintzat hartu dezakete, abegi ona japoniarren bizitzan txertatuta baitago. Ondorioz, kalitatezko tratua ez dute ordaindu beharreko merezimendutzat hartzen, beraien lanaren parte bezala baizik.

Duela gutxi Madrilgo komunitatean eskupekoen inguruko kanpaina bat biralizatu zen. Bertan, eskupekoa ematera bultzatzen zituzten bezeroak, ohitura hori galdu ez dadin.

Ez dezagun beste aldera begiratu eta errealitatea onartu dezagun. Ostalaritzako enpleguen prekarietatea ez da gauza berria, eta eskupekoak sustatzea edo tiketean iradokitzea erabiltzaileen adeitasunaz aprobetxatzea da, prekarietatea modu ez jasangarrian konpontzeko.

Eskupekoak behar badira langileei soldata duin bat ordaintzeko edo negozioa bizirik mantendu ahal izateko, agian arazoa zerbitzuari eman zaion balioan (prezioan) egon daiteke.

Nik borondatez jarraituko dut eskupekoa ematen, sentitzen dudanean bakarrik. Eta zuek, zer deritzozue?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK