Hamazazpi euro ordaindu nituen Durangoko Azokan Euskal Herrian aurten asko salduko diren bi liburuetako bakoitzeko. Diot nik asko salduko direla zeren azokako goizetako batean, 180 lagunetik gertu bildu ginen Euskadi saria irabazitakoak ere badiren idazle ezagun horiek liburuak aurkezteko egin zituzten saioetara. Eta idazle biek izena, obra bikaina eta errekonozimendua izanik, promozio lanetan dihardutelako han eta hemen, zopan ere agertzeko arriskutik gertu. Jakina, zopa hartzeko ohitura baduzu, zeren bestelako jakiez elikatuz gero, idazleak existitzen direnik ere usaindu gabe pasa daiteke herritarra mundu honetatik, normal eta normatibo. Baina hori beste kontu bat da.
Edozein produktu saltzeko, baita kultur produktu bat, begira Rosalia, behar den promozioa egiteak ez nazala esan nahi nuen horretatik aldendu: 17 euro liburu bakoitzeko.
Aste honetan bertan euskal hiriburu bateko antzoki dotore batean maiatzean egingo den kontzertu baterako sarrerak erosi ditut. Kontzertu eguna baino sei hilabete lehenago erosi ezean gabe geratzen da bat, dena agortzeko fenomeno "berri" hori, badakizue, hiru egunetan ia guztia salduta. 31 euro eta 55 euro artean prezioa, baina, badakizue baita ere, 31 eurokoetan, barkatu esapidea, ez da piperrik ikusten.
Modan dagoen jerga erabiliz, salgaiak ez dira objetu hutsak, ematen diguten esperientziarengatik baloratzen ditugun bitartekoak baino. Esaterako: liburuek ematen didate ohean sartzeko uneko ordu erdiko irakurketaren plazera, jai egun batean silloian gustora egotearena neguan, hondartzako gerizpeko bizipena udan. Eta lehenago, ostiral arratsaldean edo larunbat goizean liburu-dendara joatearenak, eta irakurri ostean lagunen batekin liburua komentatzearena. Zenbat orduko esperientzia ematen du 152 orriko liburu batek? Ohar mentala: orduak zenbatu ahal izango nituzke, baldin eta zenbatzea eta kuantifikatzea nire dohain eta zaletasunen artean balego.
Eta kontzertuak, nola neurtzen da hiriburuko antzoki dotore batean bi orduko kontzertua musikari eta konposagile kataluniar finaren eskutik?
Literatura eta musikaren munduak eskainitako esperientzia bi goikoak. Eta beste mundu batera joango bagina, adibidez, hamabost egun eskas direla banatutako izar famatuetako jatetxe bateko otorduak ekartzen digun esperientzia baloratuko bagenu? Hirurehun euroko bazkari bateko esperientzia nola neurtzen da?
Uste dut kuantifikatzea nire baitako ezaugarrien artean izango banu ere, esperientziak, maitasuna legez, ezin direla kopuruetara ekarri, bizi egin behar dira eta norberak baloratu behar du zein esperientziak merezi dion eta zeinek ez. Hori esanda, Durangon ere erosi ahal izan genuen 17 euroko liburua baino esperientzia merkeagorik ez zait bururatzen, ez bada liburu horren gainean lagun batekin elkarrizketa bat kafe edo marianito baten aitzakitan. Autore kafearen eta artisauzko marianitoaren esperientziaren kostua, hurrengo baterako.