• IRITZIA
  • Estrategiak ba al du zentzurik garai ero hauetan?
Managing partner Smart Jidokan eta ‘Alto impacto. Consejos de Administración que transforman la empresa con éxito'-ren egilea

Estrategiak ba al du zentzurik garai ero hauetan?

2025eko ekainaren 12a
Eg. 2025eko ekainaren 12a
iratxe las hayas

"Zertarako balio du begirada lau urteko epemugan jartzeak, bihar mundua desberdina izango bada?". Bezeroek sarri egiten didaten galdera da. Zygmunt Bauman soziologoaren modernitate likidoan bizi gara. Badirudi hona ekarri gaituzten egiturak ez direla izango gehiago ez finkoak, ez iraungarriak. Gerrak, tentsio geopolitikoak, klima-krisia, disrupzio teknologikoak, aldaketa sozialak... Atzo balio zuenak, gaur jada ez du funtzionatzen. Testuinguru zoro honetan, estrategiak ba al du lekurik enpresetan? Ez al da egokiagoa taktikoak izatea estrategikoak baino, erabaki azkarrak hartzeko gaitasuna edukitzea alegia?

 

Nik argi dut: inoiz baino beharrezkoagoa da. Norabidea eta fokua emango dio enpresari, kanpotik datorren kolpe bakoitzaren aurrean bere lekuan mantendu ahal izateko. Gehiago esango nuke: enpresa estrategia ondo landu denean, enpresak aldaketa datorrela lehenago antzemango du, hobeto ulertuko du eta koherentziaz eta azkartasunez jokatu ahal izango du. Estrategikoa izatea ez dago kontraesanean arintasunez jarduteko gaitasunarekin. Are gehiago: estrategia izateak erabaki azkarrak hartzea errazten du.

Enpresek sakontasunez eta aniztasunetik elkarrekin pentsatzeko tartea hartzen dutenean, argitasuna azaleratzen da. Eta honek ez du bakarrik diagnostiko hobea ziurtatzen. Bisio partekatua, lantalde lerrokatua eta barne konpromisoa sendotzen ditu.

 

Zentzu honetan, ohar bat: estrategia benetan zer den ongi ulertu behar da. Estrategia bat egitea ez delako plan bat egitea, sarritan hala ulertu bada ere. Nik enpresaren lurraldearen mapa balitz bezala ulertzen dut. Estrategia lantzeak hau eskatzen du: mapa bat osatzea, erakusten duena enpresa non dagoen, nora joan nahi duen eta helmugara iristeko jarraitu behar d(it)uen ibilbidea(k) ulertzen lagunduko diona. Ez da plan zurruna, ibilbidean iparra mantentzen lagunduko dion iparrorratza baizik. Behelaino edo ekaitz artean bada ere.

Alegia, ziurtasuna emanez baino, estrategiak etorkizunari fokuz aurre egiten lagunduko dio enpresari. Taldeak lerrokatuko ditu eta hobeto pentsatzen lagunduko dio konpainiari. Testuinguru aldakorretan norabidea galdu gabe zentzuz egokitzeko entrenamendu aparta da.

Administrazio Kontseiluak berebiziko eginkizuna du estrategia definitzeko prozesu honetan, oraindik agerikoa ez dena bistarazten lagundu dezake eta. Nola? Galdera probokatzaileak eginda eta barneko inertziak gainditzeko baliagarria izango den ikuspegi zabalagoa txertatuta. Horretarako, baina, derrigorrezkoa da Kontseiluak ikuspegi anitzak dituen pertsonak biltzea, barneko eta sektoreko behin behineko egoera gainditzen lagunduko duen begirada adituak izatea.

Azken finean, gaurkoa bezalako garai likidoetan aurrera egingo duten enpresak eraikitzeko, estrategia beharrezkoa da. Eta estrategia eraiki ahal izateko, administrazio kontseilu ausartak, koherenteak eta prestatuak beharrezkoak dira.