Adimen artifiziala enpresetan eta langileen egunerokoan hedatzen ari den heinean, gero eta agerikoagoa da tresna bera ez dela berez diferentziazio-iturri, eta dagoeneko homogeneizazio fase batean sartuak garela. Gaur egun, ia edozein erakundek erabil ditzake OpenAIren ChatGPT, Googleren Gemini edo Anthropicen Claude —horiek ari dira hegemoniko bilakatzen— bezalako AA ereduak, eta askotan, erronka estrategiko bera planteatuta, antzeko egiturak, antzeko analisiak eta antzeko gomendioak jasoko dituzte. Eredu horiek datu masibo eta publikoetan oinarritzen dira, eta horregatik, joera estatistiko nagusiak islatzen dituzte; hau da, “zentzuzkoena” edo “probableena” den erantzuna eskaintzen dute, baina ez derrigorrez ausartena, ezta testuinguru jakin baterako egokiena izango dena ere.
Hortik abiatuta, pentsa dezakegu etorkizun hurbilean AA bera commodity bihurtuko dela, elektrizitatea edo hodeiko zerbitzuak bere garaian bihurtu ziren bezalaxe: ezinbesteko azpiegitura, baina ez enpresak bereizgarri egingo dituen elementu estrategikoa. Enpresa guztiek AA erabiliko dute erabakiak hartzeko, produktu berriak diseinatzeko, bezeroekin komunikatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko… eta ondorioz, abantaila ez da izango tresna erabiltzea, baizik eta nola eta zertarako erabiltzen den. Lehia ez da “nork erabiltzen du AA”, baizik eta nork eta nolako ikuspegi propioa aplikatzen den AAren gainean.
Ematen hasi den eszenatoki bat homogeneizazioarena da. Merkatuan proposamen gero eta antzekoagoak ikusiko ditugu, plan estrategikoetan antzeko kontzeptuak, marketin-kanpainetan antzeko tonuak eta berrikuntza-prozesuetan antzeko metodologiak. Egoera horretan, diferentziazioa ez da ideian egongo, baizik eta exekuzioan eta kulturaren koherentzia mailan: esaterako, enpresa batek balio argiak eta barne-lerro sendoak baditu, AAren proposamen generikoak bere nortasunarekin lerrokatuko ditu, eta ez alderantziz.
Beste eszenatoki bat datu-subiranotasunarena da. Enpresa askok beren informazio estrategikoa lau edo bost eredu handiren plataformekin partekatzen ari dira etengabe. Munduko enpresa gehienen balio ekonomiko, estrategiko eta ezagutza AA eredu hauetan metatzen ari da eta ez dakit ez ote garen datuen segurtasunean berandu erreakzionatzen ari. Arkitektura hibridoak planteatu behar ditugu, hau da, eredu orokorrak erabiliko dira ataza generikoetarako, baina datu sentikorrak eta ezagutza espezifikoa tokiko azpiegituretan edo eredu pribatuetan landu behar ditugu, eredu orokorrekin ezer partekatu gabe. Arrazoi nagusia segurtasuna da noski, baina baita merkatuan beste enpresekiko diferentziatzen gaituena zaintzeko ere.
Eta hirugarren eta planteatzen dudan azken eszenatokia, giza gaitasunen birbalorazioarena da. Langile guztiok AA erabiltzen dugunean eta erantzunak antzekoak direnean, balio diferentziala sortuko duena galderak edo eskatzen dizkiogun promptak izango dira, eta intuizioa eta begirada estrategikoa bezalako ezaugarriek garrantzia handia hartuko dute. Eredu estatistiko batek joera nagusia planteatu dezake eta erantzunak homogeneizatu; baina enpresa ausart batek nortasuna eta irizpide propioak aplikatuz gero, kontrako norabidea har dezake, komunitate jakin baten behar ezkutuak identifikatu eta estrategia berriak planteatuz. Hortaz, etorkizunean diferentziazioa ez da —orain arte bezala— teknologikoa izango, epistemologikoa baizik: nola pentsatzen dugun, nola interpretatzen ditugun datuak eta nola uztartzen ditugun analisia eta balioak. Azken batean, AA ereduak unibertsalizatzen direnean, gizakia, iritzia, ideiak eta identitateak geratuko zaizkigu berriro ere. Teknologia berdina izanik ere, enpresa asko automatizazio hutsera mugatuko dira, eta beste batzuek adimen kolektiboa indartzeko erabiliko dute eta pentsamendu ezberdina izatetik diferentziazioa egin.