Eta Josu Jonek arrazoi balu?

 

Repsoleko kontseilari ordezkariak esan berri du deskarbonizazioa oker planteatua dagoela. Ez garela zuzen ari. Gauza bat dela garraioa elektrifikatzea eta, beste bat, datozen hamarkadetan petrolio beharrik izango ez dugula pentsatzea. Edo guk hemen egon litekeen gasa ez ustiatzeagatik, Qatar edo AEBetatik dakargun gas eta petrolioak CO2rik isurtzen ez duelakoan-edo, bertan goxo egitea. Jaten ematen dion eskuari koxk egiten ez da hasiko Imaz, noski, baina esan duenak zentzua eta arrazoi zati bat bederen baduela esango nuke.

Garraioa gurean, oraindik ere, erregai fosiletan oinarritzen da gaur-gaurkoz. Autogintzak gure industria eta esportazioetan duen garrantzia ere itzela da. Beraz, tentuz zaindu beharrekoak dira energiaz, erregaiez eta garraioaz hartzen diren erabakiak eta euren ondorioak.

Litioaren prezioa biderkatu izanak, eta itxuraz ezagutzen diren erreserben tamainak, zaildu baino, ezinezko egiten omen dute konbustio motorretatik auto elektrikoetara erraz pasatuko garela sinestea. Badira hori aspaldi salatu zuten zientzialariak ere.

Hurrengo negurako hornikuntza zailtasunak egon daitezkeela ere esan dute, bai Imazek, bai zenbait zientzialarik. Erraza da Putinez epelak esatea, baina neguan epel ibiltzeko bere gasaren premia badugu, ez dakit balizko zigor horiek zenbateraino diren eraginkorrak.

Epe laburrean gasaren edo erregaiaren prezioa dirulaguntza bidez mugatu arren —errazkeriatik ere badu erabakiak—, bilketa fiskalean zerga berdeen pisu txikienetakoa duten ogasunak dira Hego Euskal Herriko laurak zein Espainiakoa. Ea nork plazaratzen duen zezen hori.

Bien bitartean, bankari jarritako ingurugiro eskakizunekin edo funtsen kudeaketan dabiltzanek ezarritakoen bidez, petrolio enpresen finantzaketak garestitzera joko duela dirudi. Peak oil pasata berez garestitzen doan jarduera batean (gas eta petrolio ustiaketa), harri koxkor gehigarri bat bidean: finantzazio urriago (ergo, garestiagoa).

Nago inflazioa gurean pixka baterako etorri zaigula. Energiatik sartu bai, baina gurean goxo egin dezakeela beronen uhin hedakorragatik. Eta gure lepoko soka energetikoa guk geuk estutuko dugu, kontsumoa murrizteko moduez serio pentsatzen hasi ezean. Bestalde, guk egin ezean, agian inflazioak egingo digu lan hori.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK