Irailak bere egutegi propioa dauka. Ez da urtarrila, egia da, baina urte-hasieratik edaten du argi eta garbi. Ez da azkena, ezta lehena ere, baina bederatzigarren hilabeteak hasiera modu baten aurrean jartzen gaitu, buruan eta barru-barruan. Agenda ez da guztiz berria, baina irekitzen dugunean, udako etenaren aurretik burutu gabe geratu ziren elkarrizketak erakusten dizkigu, bazterrean utzitako gaiak berreskuratu behar ditugula gogoratuz. Egitekoen inbentarioa errepasatu eta gero, aurrera ere begiratu behar da. Eta hor hasten dira zailtasunak.
2026ko lehen erdian ederki ikusi eta ikasi dugu etorkizunari ez zaizkiola gure planak gehiegi gustatzen, bere kasa moldatu egiten dituela. Geopolitika enpresaren barne-dinamiketan sartu da buru-belarri, eta sartuko da berriro, energiaren, merkatuaren edo hornidura-kateen bidez. Adimen artifiziala ez da egundo etorriko denari buruzko elkarrizketa bat, gaur bertan, eta alferrik berandutu gabe, egin behar den zerbait baizik. Europak ohiko lozorroan jarraitzen du, lehiatzeko, hazteko eta autonomia irabazteko zer egin behar duen bilatzen, gero eta zatituago eta aldrebesago dagoen nazioarteko testuinguruan. Eta hori guztia gutxi balitz, berez aurtengoak ez diren eta urte bakar batean argituko ez diren bestelako dilemak hortxe daude: klima-aldaketa, eraldaketa demografikoa, talentuaren eskuragarritasuna edo ongizate-ereduen gaineko presio gero eta handiagoa.
Amaitu gabe utzitako gaien zerrenda luzeegia da eta aurrera begiratzen dugunean, antsietatea ez da malgutzen, alderantziz baizik.
Testuinguru horretan, blokeatzeko arriskua handia da. Zer gertatuko den aurreikustea zaila denean, itxaroteak aukerarik zuhurrena dirudi. Marjinak babestu behar direla dio kontulariak, eta zuzen dago; arriskuak minimizatu behar ditugula, inbertsioak atzeratzea komeni dela, arrisku-eszenari finagoak behar ditugula, eta abar. Erakundeek hamarkadak daramatzagu mehatxuak antzemateko gaitasuna entrenatzen, zer erremedio, eta badakigu zein diren galdera gakoak: zer atera daitekeen gaizki, zenbat gal dezakegun edo non babestu behar dugun.
Ez dut esango hori guztia behar ez denik, jakina. Beharrezko galderak dira, baina iraila aproposa ere bada, arriskuei ez ezik, aukerei ere tartetxo bat emateko.
Uda honetako irakurketen artean, Yuval Atsmon izan da. Bere proposamena sinplea da, eta aldi berean, sakona: ziurgabetasun garaian, baikortasuna ere kudeaketa-tresna ona da. Ez naiz inozokeriaz ari, edo hain modan dagoen pentsamendu positiboaren bertsio eztitsu eta likatsu horretaz, ez. Etorkizuna ziurgabea da, baina ziurgabetasunak bi norabidetan jokatzen du: ez dakigu zer oker daitekeen, ez eta zer hobe daitekeen ere. Pellokeria dirudi, baina maizegi ahaztu egiten zaigu.
Pesimismoak prestigio intelektual handia du, hondamendia aurreikusten duenak zuhur jokatzen duela onartzen dugulako. Aukera ikusten duena, berriz, ez da horren fidagarria izaten, potentzialki katastrofikoa izango den zerbaitek ihes egin diola uste izaten dugulako. Erakunde bat kudeatzen ari garenean soilik okerrena espero izateak kostu handia izaten du, baina: esperimentazioa murrizten du, erabakiak atzeratzen ditu eta posible denaren perimetroa estutu egiten du.
Irailean gure buruari helburuak ezartzen dizkiogu, eta hori zuzena da, baina galdera batzuk gehitzea proposatuko nuke nik. Zer ari gara galdutzat ematen goizegi? Zer aukera ez gara aztertzen ari gure abiapuntuko jokamoldea defentsiboa delako? Zer atera liteke espero duguna baino hobeto? Horri guztiari beste galdera bat gaineratu behar zaio: hobeto, norentzat? Izan ere, batezbestekoaren gainean eraikitako aurreikuspenak tranpatiak dira oso. Trantsiziora egokitzeko produktibitatea emenda dezake, eta, aldi berean, pertsona-saldo handia atzean utzi. Eraldaketa industrialak aukera berriak ireki ditzake, eta, aldi berean, kostuak modu oso desorekatuan banatu. Etorkizun hobe bat irudikatzea ezinbestekoa da, baina ez da osatua egongo ez badiogu gure buruari galdetzen nork izango duen etorkizun hori bizitzeko aukera.
Iraila hasi da eta nire agenda nahi baino beteago dago. Egitekoak ez ezik, helburu argi bat ere badut: ez gauzak berez ongi aterako direla pentsatzea, bermerik ez dagoenean ere, gauzak ongi atera daitezen lan egingo dut. Ikusiko dugu nola doan urtea, baina oraingoz, arriskuak kudeatzeaz gain, aukerak ere kudeatzen saiatu nahi dut.
Iraila hasi besterik ez da egin, eta, beraz, helburuen zerrendaren goialdean galdera bat jarri dut: Eta ondo aterako balitz? Eta ondoan, eguneroko egitekoa: zer egingo dudan gaur hala izan dadin.
Kontatuko dizuet.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta