Pertsonen saileko kidea eta irakaslea

Eta orain zer?

2026eko martxoaren 20a
Unai Oñederra Lasa

Ikasketak amaitu berri: karrera, masterra, zikloa... dena delakoa. Estatistikako azterketa gainditu ezinaren beldurrak kentzen die loa asko eta askori liburu artean bizi diren garai honetan. "Ez badut gainditzen, gurasoek akatuko naute!" edo "hurrengo deialdia nire herriko jaietan izango da, ezingo naiz parrandan atera!". Horiek izan ohi dira ikasle sasoian daudenen kezka bakarrenetarikoak, bakarrak direla ez esatearren. Carpe Diem, oraina bizi behar dugu, gazteak gara, eta gozatu egin behar dugu bizitzaz, ez baikara berriro ere unibertsitatera itzuliko. Gero… ba gerokoak, orain, momentua, unea, garaia bizitzea dagokigu, zerbait iritsiko da eta.

 

Ohartzerako GRALa aurkezteko eguna heldu da; gainera, nahiko itxuroso atera eta aho zapore gozoarekin amaitu ahal izan da lau urteko ibilbidea. Irribarretsu, gustura, alai, kontentu, normala den gisan, zenbait burukominen jatorria izan baita hau guztia urte luzez.

Eta orain zer? Galdera zuzena bezain zitala. Errealitate kolpe galanta etorri ohi da garai honetan; izan ere, ikasketak hautatzerako orduan egin zitzaizkien etorkizuneko promesak errelitate bihurtu ez direla ohartzeko unea heldu da. Hainbatek galdetzen diote euren buruari ea non dagoen karrera hasieran zin egin zieten lanpostua, edota fakultateak bere web orrian letra handiz erakusten duen %90eko laneratze-tasaren %10eko soberakinetan egongo ote diren.

 

Ez da trantze ederra, ez horixe, egun batetik bestera bizitza zuritik beltzera pasatzea baitakar. Egunak luze, buruak mila buelta, baina nola ez, argi izpi bat aurkitzeko grin sutsua; hots, ikasitako guztia lan-merkatuaren esku uzteko ilusioa. Halaber, datuak esperantzatsuagoak dira. Izan ere, Lanbidek argiratutako ikerketa baten arabera, 2020. urtean graduatu ziren lau ikasletik hiruk ikasitakoarekin zerikusia duten lanen bat topatu ahal izan dute, nahiz eta oraindik ere aldi baterakotasun, partzialtasun edota soldata eskasen fenomenoak bete-betean eragiten dien lan-munduan sartu berri direnei.

Ez da munduaren amaiera, ez horixe, erabakiak hartzeko unea baizik. Inflexio puntu bat dela esan genezake. 18 urterekin “lana” egitea zer zen ere jakin gabe gure etorkizuneko ogibidea aukeratu genuen, eta noski, normalena izaten da ez asmatzea. Lanik izango ote den, gustatuko ote zaidan, balio ote dudan emango didaten eginbeharretarako... orain beste begi batzuekin ikus daiteke bizitza, heldutasunetik, hain zuzen ere.

Bizitzak aurrera darrai, eta guri, ordea, norabidea marraztea dagokigu. Gaztetasuna alde dugu, mundua jateko ausardia dugu; finean esanda, zizelkatu gabeko harribitxiak gara, nork deskubrituko gaituen esperoan. Gugan sinetsi behar dugu, barru-barruan dugun horretan, horrela, eta horrela bakarrik bilatu ahal izango diogu, “eta orain zer?” galderari denok entzun nahi dugun erantzuna.