Eta udarekin batera, suteak

Iaz suteen denboraldi dramatikoa izan genuen Europan. Bigarren sute-denboraldi okerrena izan zen, 45 herrialdeei eraginez eta erretako eremua 1,6 milioi hektarea gainditu zirelarik. Egoera larriena Espainian eman zen, non 3.300 sute eta erretako 310.000 hektarea zenbatu ziren. Gogoan ditut oraindik hainbat eta hainbat irudi, Nafarroan bertan esaterako.

Aurtengo sute-denboraldia goiz hasi da Espainiar estatuan beste behin ere, Asturiasen 250 sute inguru gertatu zirelako martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran. Bertako gobernuaren arabera, 32.000 hektarea baino gehiago kiskali dira eta, datuak daudenetik, urterik okerrena dute aurtengoa. Kanadan 400 sute baino gehiago egon dira ekainean. Ikusgarriak izan dira ehunka kilometro hegoaldera jasotako irudiak. New Yorken, esaterako, suteek erabat okertu dute airearen kalitatea, osasun publikoko lehen mailako arazoa sortuz. New Yorkeko Estatuko gobernuak aire zabaleko jarduerak mugatu zituen, egoiliarrei etxeetako leihoak ixteko eta, ahal izanez gero, airea garbitzeko sistemak erabiltzeko eskatuz. Gainera, aire zabaleko eskola-jarduerak bertan behera utzi ziren hirian, eta musukoak kanpoan erabiltzea aholkatu zitzaien kalteberak diren pertsonei. Egunotan, Kanadako suteen ke-lainoa Europara iritsi zaigu, Galiziara hain zuzen, eta Estatu Batuetan bezain larria izango ez bada ere, sortuko dituen eraginak oraindik ikusteke daude.

Suteek sortzen dituzten inpaktuak mota askotarikoak izan daitezke. Aipatu bezala, ondorio larriak eragin ditzakete osasunean, airearen kalitatea okertzean, milaka kilometrora dauden eremuetan ere. Kea kutsatzaile atmosferikoen nahasketa da, baina horietatik partikulak dira osasunerako mehatxu nagusia. Pertsona zaurgarrienak haurrak, adinekoak eta aurretik osasun-arazoak dituztenak dira. Baina suteek eragin zuzenagoa ere izan dezakete esposizio handia duten pertsonengan, suhiltzaileak eta larrialdietako langileak barne. Eragin horiek lesioak, erredurak eta arnasteko arazoak izan daitezke. Batzuetan, hildakoak ere deitoratu behar izaten dira.

Osasun ondorioez gain, suteek ekosistemak txikitzen dituzte, alegia, landaredia eta fauna, baina baita lurzorua bera ere. Urteak behar izaten dira, hamarkadak batzuetan, kiskalitako eremu bat jatorrizko egoerara itzul dadin. Ekosistema naturalez gain, landa-eremuetan garatzen diren jarduera ekonomikoei eragin diezaiekete. Bestalde, landa-nukleoei eta etxebizitzei erasan diezaiekete, eta garraioa, komunikazioak, elektrizitate- eta gas-zerbitzuak eta ur-hornidura ere eten litezke.

Suteen ondorio horiek kalteak sortzen dituzte ekonomian. Adibidez, Kalifornian, baso-suteek eragindako galerak 148.500 milioi dolarrekoak izan ziren 2018an, bertako urteko barne-produktu gordinaren (BPG) % 1,5 inguru. Kopuru horretatik, % 19 kapital-galerei dagokie, % 22 osasun-kostuei eta % 59 zeharkako kalteei. Europako hegoaldean, suteak jasan dituen eskualde batean, bere BPGaren urteko hazkunde-tasa % 0,1-0,2 murriztu liteke. Sute-denboraldi baterako, beraz, urteko ekoizpenaren galera 13.000 eta 21.000 milioi euro artekoa izan liteke Europako hegoaldean.

Adituek zer diote? Orain dela aste batzuk Inazio Martinez de Arano ikerlaria entzuteko aukera izan genuen Donostian. Baso-suteak gertatzeko arriskua oso baldintza lehorretan handitzen da, hala nola lehortean eta haize gogorrekin eta, hortaz, klima-aldaketa faktore nagusi bilakatuko da. Mega-suteak ekidin eta kontrolatzea izugarri zaila bada ere, ikuspegi holistikoen beharra aldarrikatu zuen: babes zibilaren kudeaketaz gain, natura-ingurunea, lurralde-antolamendua eta larrialdi-erantzuna barne hartzen dituen ikuspegia ezinbestekoa izango da.

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK